Politika -
Estatuko Aurrekontuak
EAJk azken unean erabakiko du Estatuko Aurrekontuak babestu ala ez
EAJko agintariek hasieratik esan dute ez dutela Estatuko Aurrekonturik babestuko, Katalunian 155. artikulua indarrean dagoen bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak "azken minutura arte" itxarongo du Estatuko Aurrekontuetan zer bozkatu erabakitzeko. Hortaz, datorren asteazken arratsaldera arte ez dute argituko euren botoa zein izango den.
"Badakigu erlojuaren kontra gabiltzala, baina arduraz jokatzen jarraituko dugu eta aukera guztiak azken unera arte agortuko ditugu, helburuak lortzeko asmoz", adierazi du EAJk. Estatuko Aurrekontuak onartzea eta Katalunian 155. artikulua bertan behera geratzea dira EAJren helburuak.
EBBk berretsi egin du orain "lehentasuna" Katalunian 155. artikulua indargabtzea dela, "neurri bidegabea delako". "Ahalegin politiko guztiak egingo ditugu datozen egunetan hala izan dadin", azpimarratu du.
Halaber, Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak onartzea "Euskadirentzat garrantzitsua" dela esan du, "euskal agendari" lotutako hainbat gai adostu dituelako jada Alderdi Popularrarekin, hala nola, pentsioen igoera.
Kataluniako egoera politikoa "elkarrizketaren bidez" konpontzeko azken hileotan egindako negoziazioan "arduraz" jokatu duela esan du EAJk, "baina onartu behar dugu aukera hori oraingoz ez dutela baliatu".
Gauzak horrela, "oraingoan ere arduraz jokatuko dugu eta azken unera arte ez dugu erabakirik hartuko, jarrera irekiari eutsita", erantsi du.
Akordio Espainiako Gobernuarekin
2018ko Estatuko Aurrekontuak babestea adostu zuen EAJk Mariano Rajoyren Gobernuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait inbertsio egin eta aurtengo eta 2019ko pentsioak igotzearen truke.
Jeltzaleek hasieratik esan dute EAJk Estatuko Aurrekontuak babesteko ezinbestekoa zela lehenago PPren Gobernuak Katalunian 155. artikulua bertan behera uztea.
Quim Torrak Generalitateko presidente kargua hartuta, hala izango zela ematen zuen. Baina Torrak Kataluniako Gobernuko kontseilari karguetarako preso dauden bi hautagai aukeratu izanak hautsak harrotu ditu berriro eta Mariano Rajoyk esan du oraingoz 155. artikuluak indarrean jarraituko duela.
Testuinguru horretan, EAJk bi aukera ditu: Alderdi Popularrarekin adostutako akordioa bete, Aurrekontuak babestu eta, ondorioz, Rajoyk legealdia amaitzea ahalbidetu; edo Aurrekontuen kontra egitea, 155a indarrean dagoelako.
Bitartean alde guztien presioa dauka EAJk. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hitza bete dezala eta PPren Aurrekontuak babestu ez ditzala exijitzen diote. Alderdi Popularrak, berriz, orain arte bezala, Aurrekontuak aurrera egitea ahalbidetu dezala eskatzen diote.