Politika -

Auzitegi Nazionala

Iruñeko istiluengatik auzipetutako lau gazteek parte hartu izana ukatu dute

Akusatuetako batek onartu du egun hartan kotxez joan zela, Iruñean lagun batekin geratu zelako 19:00etan.

Gazteak Auzitegi Nazionalera iritsi diren uneko argazkia
Gazteak Auzitegi Nazionalera iritsi diren uneko argazkia
Iruñeko istiluengatik auzipetutako gazteek akusazioak ukatu dituzte

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da Auzitegi Nazionalean Errenteriako hiru gazteren eta Beasaingo baten aurkako epaiketa. 2017ko martxoaren 11n Iruñeko alde zaharrean gertatutako istiluengatik atxilotu zituzten. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Jose Perals fiskalak egindako idatziaren arabera, desordena publiko terroristak egitea egotzi die Asier P.B., Ruben I.B., Endika E.M. eta Julen P.G. gazteei. Altsasuko kasuko auzipetuak akusatu dituen fiskal bera da.

Epaiketaren lehen saioa

Epaiketaren lehen saioan, istiluetan parte hartu izana ukatu dute laurek, liskarra hasi zenean handik alde egin zutelako. Errenteriara itzultzeko plaza batean geratuta zeudela azaldu dute, eta hara iritsi zirenean atxilotu zituztela.

Akusatuetako batek (Julen P.G.) esan du kotxez joan zela Beasaindik, Iruñean lagun batekin geratu zelako 19:00etan. Autoa aparkatu zuenean, manifestazioa ikusi eta bat egitea erabaki zuela baieztatu du, denbora geratzen zitzaiolako.

Horrez gain, ETAren aldeko lelorik ez zutela oihukatu zehaztu dute, ezta harririk jaurti eta burua estali ere. Julen P. G. gazteak bere burua ikusi du saioan ikusitako irudietan, kalean zegoen poltsetako bat hartzen. Konturatu gabe hartu zuela baieztatu ostean, kale batean bota zuela gaineratu du.

Beste hiru mutilek, ordea, Asierrek, Endikak eta Rubenek, ez dute haien burua identifikatu saioan ikusitako irudietan, ez baitzeramaten bideoan agertzen den arropa.

Auzipetuei galdeketa egin baino lehen, aurretiazko gaiak azaldu dituzte. Orduan, lau gazteek saioaren amaieran deklaratzea eskatu dute defentsako abokatuek, epaiketa auzipetuen testigantzen inguruan soilik garatu ez dadin. Epaimahaiak ez du eskaria onartu, fiskaltzaren irizpidearekin bat eginez.

Poliziaren testigantza

Ikerketan parte hartu duen polizietako baten arabera, istiluen egunean "harri euri jasa itzela" egon zen. Beste agente baten esanetan, "erasoaren gogortasuna" kontuan izanik, gomazko pilotak erabili behar izan zituzten "oinezkoak babesteko".

Atxiloketak egin zituten beste bi agentek ere deklaratu dute gaurko saioan. Akusatuak istiluetan parte hartzen ikusi zituztela defendatu dute, Errenteriatik autobusez etorri ziren hiru gazteei atxilotu zituzten plazaraino jarraitu zietela gaineratzeaz gain.

Juleni buruzko aipamena egin du agente batek, halako manifestazio batean parte hartzen zuen lehen aldia ez zela esateko. Egun hartan neska batekin geratu zela azaldu du Julenek, eta neska horrek ere deklaratu du gaurko saioan. Mutilak txanodun arroparik ba ote zeraman galdetu dio fiskalak, eta ez dela gogoratzen esan dio. Hitzordura joan aurretik manifestaziora joan zela azaldu du Julenek, bidean egokitu zitzaiolako. Neskak egia dela baieztatu du, kotxea aparkatu zuen lekua kontuan izanik, handik pasa behar zuelako derrigorrez.

Kasuko fiskalaren bertsioa

Peralsen esanetan, parte hartzaileek "Borroka da bide bakarra", "Gora ETA" eta "Euskal presoak" leloak oihukatu zituzten.

Ondoren gaineratu duenez, "zereginak primeran banatuta zituzten hainbat pertsonak" segurtasun indarren aurka ondo antolatutako erasoak egiteaz gain, ordena publikoaren kontrako istiluak eragin zituzten" manifestazioan. Eskularruak ez ezik, txanoak eta kamisetak jantzita zihoazela azaldu du idatzian.

Fiskalaren arabera, akusatuak 2017ko martxoaren 11n bertan joan ziren Iruñera Errenteriatik, "hirian istiluak sortzeko asmoz San Frantzisko plazatik" abiatutako manifestazioan parte hartzeko.

400 bat pertsonak hartu zuten parte martxan. Horietako "sei edo zortzi erabat beltzez jantzita zihoazen, txanoa jantzita eta lepoa estalita, eta poltsa handi batzuk zituzten", zehaztu du Peralsek. Zapateria kalera iritsi zirenean, bengalak pizteaz gain, petardoak eta suziriak jaurti zituzten.

Zehazki, poliziari "objektu sendoak" bota izana egotzi dio Peralsek Asierri Navarreria plazan. Horrez gain, Rubenekin eta Endikarekin beira edukiontzi bat jaurti zutela ere esan du.

Asier Dormitaleria kalean atxilotu zuten; ondoren, korrika abiatu ziren arren, handik gutxira hartu zituzten atxilo Ruben eta Endika.

Juleni dagokionez, manifestazioan izan zela esan du fiskalak, eta une jakin batean, kolore argiko janzki bat ipini zuela lepoan.

Istiluen ondorioz, gizon bat eta hiru polizia zauritu ziren. Bestalde, hamabi etxebizitza, denda eta banketxetan 30.000 euroko kalteak izan ziren.

Fiskalak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du desordena publiko terroristak egotzita. Era berean, bost urteko zaintzapeko askatasuna ez ezik, kalteengatik 30.000 euro ordain dezatela galdegin du. Azkenik, zauritutako gizonari 1.500 euro eman beharko lizkiokete, eta 600 euro, zauritutako poliziei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea gaur Gipuzkoa Nafarroa gaur Epaiketak albisteak Errenteria argazkiak Gaurko azken ordukoa