Politika -
Katalunia
Torrak hitz egitea eskatu die Rajoyri eta Sanchezi, eta dekretuak publika daitezela
Kataluniako Gobernuaren osaketa blokeatzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren ostean egin du eskaria Generalitateko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Kontseilariak izendatzeko dekretua publikatzeko beharra azpimarratu du gaur Quim Torra Generalitateko presidenteak, Kataluniako Gobernua lanean has dadin. Horrez gain, Mariano Rajoyri eta Pedro Sanchezi hitz egiteko deia egiteaz gain, politika ez judizializatzea eskatu die.
"Ezin dut imajinatu Espainiako Gobernuak legea ez betetzea. Bihar bi dekretuak argitaratzea espero dut. Ez dago beste aukerarik. Generalitateko presidenteak kontseilariak izendatzeko eskumena du, eta Espainiako Gobernuak errespetatzea espero dut", esan du Vilafranca del Penedés (Bartzelona) herrira egindako bisita batean.
Kataluniako Gobernuaren osaketa blokeatzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren ostean egin du eskaria Generalitateko presidenteak. Izan ere, Rajoyren Exekutiboak ez ditu kontseilariak izendatzeko beharrezkoak diren dekretuak publikatu, Espainiako Konstituzioko 155. artikuluari eutsita.
Mariano Rajoyk PSOE eta Ciudadanos alderdietako buruzagiekin hitz egin zuen atzo, Pedro Sanchezekin eta Albert Riverarekin, hurrenez hurren, Govern berriaren bideragarritasuna aztertzeko duen asmoa jakinarazteko. Torrak kartzelan dauden bi kontseilari ohi eta atzerrian dauden beste bi izendatu dituela ikusi ondoren hartu du Rajoyk erabakia.
Bi dekretuak publikatzea eskatzeaz gain, Torrak hitz egitea eskatu die Rajoyri eta Sanchezi. "Elkarrizketa izan behar da hilabete hauetako hitz nagusia. Politikak politikarekin hitz egin dezala, ez justiziarekin", berretsi du Kataluniako presidenteak.
Zentzu horretan, "politika ez dadila judizializatu" eskatu du. "155. artikulua bertan behera uztea nahi dugu, herriak aurrera egitea aldarrikatzen duelako", eta "lan egin nahi duen gobernu oso ona daukagu".
Torrak azaldu duenez, kontseilariek kargu hartzeko ezarritako agenda mantenduko du. Halaber, preso dauden kontseilariei kargu-hartze ekitaldira joaten ez uztea ez lukeela ulertuko adierazi du.