Politika -
Gerra zikina
Naparra auziko ikerbide berriak CESID seinalatu dezakeela uste du Iruinek
Bi diligentzia berri aurrera eramango dituzte: gorpuaren bigarren bilaketa bat eta gorpua egongo litzatekeen tokiaren berri eman zuen CESIDeko ustezko agentea galdekatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Naparra auziko eginbide berriek ikerketa “bide” berriak zabaldu ditzakeela uste du Iñigo Iruin abokatuak. Komando Autonomo Antikapitalistetako ustezko kidea 1980an desagertu zen Landetan (Frantzia). Are gehiago, ikerbide berriak “Defentsa Ikerketa Zentro Nagusia (CESID)” seinalatu dezakeela uste du abokatuak. CESID garai bateko Inteligentzia Zentro Nazionala (CNI) zen.
Auzian Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren familiako ordezkaria da Iruin, akusazio partikular gisa. Abokatuak prentsaurrekoa eman du goizean, Donostian, Eneko Etxeberria desagertuaren anaiarekin batera. Gorpua Mont-de-Marsanen bilatzeko eskatu die Auzitegi Nazionalak Frantziako agintariei, 2017ko apirilean arakatu ez zen zona batean, alegia.
Horrela, auzia ez artxibatzeko Iruinen eskaera onartu zuen Auzitegi Nazionalak astelehenean. Instrukzioa luzatzea eta bi diligentzia berri aurrera eramango dituzte: arakatu gabeko zona batean gorpuaren bigarren bilaketa bat egin eta gorpua egongo litzatekeen tokiaren berri eman zuen CESIDeko ustezko agentea galdekatzea.
Auzitegi Nazionalak bere azken ebazpenarekin familiari “arrazoia” eman diola ziurtatu du abokatuak. CESIDeko agentearen adierazpenen berri izan ondoren, 2016ko urrian irekitako ikerketa “agorturik ez dagoela berretsi” du ebazpenak, gaineratu duenez. Naparra-ren gorpuzkiak aurkitzeko ohar batzuk eman zituen agenteak “eskuidatzi” batean.
Horregatik, “funtsezko” bi alderdietan “sakontzea” beharrezkoa dela uste du abokatuak: desagertuaren gorpua bilatzeko saiakera berri bat. 1982an airetik ateratako argazki batzuk baliatuz eskatu dute, gorpua egon daitekeen tokian, eta CESIDeko ustezko kide ohiak emandako oharrak sendotu ditzakete; eta bestalde, agente ohiaren deklarazioa, “informazio gehiago” eman dezan.
Zentzu horretan, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak lekukoa aurkitzeko eta haren iraganari buruzko informazioa emateko dituzten arazoekin “harrituta” agertu da Iruin; izan ere, bere irudiak, bideo bat eta “zigor zein espetxe historia” dituzte, preso egon delako. Are gehiago, bere izena Kanariar Uharteetako komunikabideetan azaldu da, auzi bat zabalik duelako bertan.
“Agente ohiaren eskuidatziko testuak, bideo batean egiten dituen adierazpenekin batera, CSID zenaren, gaur CNI, bideari heltzeko aukera ematen digu”, errepikatu du abokatu gipuzkoarrak. Nahiz eta “zailtasunaren” jakitun izan, “norabide horretan ikerketa bat eskatzeko oinarri nahikoa” dagoela uste du Iruinek.
“CSIDek 80ko hamarkadaren Estatu terrorismoan izan zuen esku-hartzea nabaria eta eztabaidaezina da egun, Estatu terrorismoaren bi belaunaldietan”, adierazi du Iruinek. Ustezko agentearen “eskuidatzia” eta bideoa oinarri hartuta, “ikerbidea abiatzeko” asmoa berretsi du abokatuak. CESIDeko kide ohiak bideoan azaltzen duenez, “inteligentzia zentroak Naparra-ren gorpuzkiak non dauden badaki”.