Politika -
Giza-Eskubideen Auzitegia
EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi izana babestu du Estrasburgok
Espainiako auzitegiek "frogatu" zutenez, "alderdiaren zerrendek Batasunaren eta Herri Batasunaren jardunaren jarraipena bermatzea zuten xede", jaso dute epaian.
Erredakzioa
Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia babestu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Hori horrela, ontzat jo du Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca (EAE-ANV) alderdiak 2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeetarako aurkeztu zituen 133 hautagai-zerrenda legez kanpo uztea. Hain zuzen, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako zazpi hautagaitzak, udal hauteskundeetarako 125ak, eta Nafarroako hauteskundeetako aurkeztutako zerrenda.
Estrasburgok, horrela, EAEk aurkeztutako helegitea atzera bota du.
Espainiako auzitegiek "frogatu" zutenez, "alderdiaren zerrendek Batasuna eta Herri Batasunaren jarduna jarraipena bermatzea zuten xede", jaso dute epaian.
Epaitegiaren arabera, Herri Batasuna eta aurreko alderdiak legez kanporatzeak "oinordekoak izan litezkeen alderdiak" ere debekatzea dakar. "Erabilera mota hauek iruzurra dira", dio epaiak.
Espainiako Justiziak hautagaitza horiek legez kanpo uztea "aurreikusita " zeukan, dokumentuaren arabera.
Aretoko bi epailek boto partikularrak plazaratu dituzte.
Epaitegiak ez ditu aintzat hartu ANVk salatutako eskubide urraketak. Besteak beste, hauteskunde libreetarako eskubidea, adierazpen eta elkartze eskubidea eta defentsarako aukerak ez direla urratu ebatzi du giza Eskubideetarako Gorteko hirugarren aretoak.
Gauzak horrela, babestu egin du 2007ko maiatzeko Udal eta Foru hauteskundeetan ANVren 133 hautesle zerrenda baliogabetu izana. 125 udal zerrendak ziren, 7, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak, eta bestea, Nafarroako Parlamenturako hautagai zerrenda.