Politika -
Auzitegi Nazionala
Durangoko eta Bilboko ustezko bi jihadistak espetxeratu dituzte
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak badaezpadako espetxea ezarri die, terrorismo islamista goratzea, doktrinamendua, autodoktrinamendua eta atzematea egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Asteartean, Abadiñon (Bizkaia) eta Lorcan (Murtzia), atxilotutako ustezko bi jihadistak espetxera bidali ditu gaur Carmen Lamela epaileak, terrorismo islamista goratzea, doktrinamendua, autodoktrinamendua eta atzematea leporatuta, Europan erasoak egitera animatzeagatik.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Auzitegi Nazionaleko epaileak badaezpadako espetxea ezarri die delitu horiengatik, Fiskaltzak eskatuta, goizean biak galdekatu ondoren.
Espainiako Poliziak eta Marokoko agintariek operazio bateratua abiatu zuten asteartean. Beste hiru pertsona atxilotu zituzten Castillejosen (Maroko), Ceutatik gertu.
Errekrutatze eta doktrinamendu egitura
Bost atxilotuek Estatu Islamikoaren errekrutatze eta doktrinamendu egitura osatzen zutela uste dute ikertzaileek, Europan erasoak egitera animatzeko.
Honenbestez, Daeshen propaganda egiturako kideak ziren. Europan atentatuak egitera bultzatzeaz gain, bideoak zabaltzen zituzten, arma zurien erabileran eta burua mozteko tekniketan trebatzeko.
Barne Ministerioaren arabera, Lorcako atxilotua, Bilboko bizilaguna, 21 urteko senegaldar bat da. Ministerioaren hitzetan, oso erradikala da eta ikertzaileek mehatxu bat zela uste zuten, biztanleria zibilaren aukako erasoak egiteko borondate argia azaldu zuelako.
Gazte horren profil biolentoa nabarmendu dute ikertzaileek. Adingabea zenean poliziei eraso egiteagatik zigortu zuten, eta Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentroan egon zen.
Orduan jadanik erradikaltasun erlijiosoa nabaria zen, janzkeran zein Koranaren defentsan. Fanatismoak bikotekideari tratu txarrak ematera eraman zuen. Horrela, neska errumaniarra xarian edo lege islamikoan doktrinatzen saiatu zen.
Emakumea gogor jipoitu zuen eta indarkeria matxistagatik zigortu zuten, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez.
Bizkaian atxilotutako pertsonak 33 urte ditu, eta Durangon bizi zen, nahiz eta marokoarra izan. Era berean, Daeshen propaganda zabaltzeko helburua zuen, erakartzeko, doktrinatzeko eta kide berriak errekrutatzeko.
Gainera, Siriako eta Irakeko jihadistekin ustez harremanetan zeuden, eta bien artean ere online harreman etengabea zuten.