Politika -
MOBILIZAZIO ERRALDOIA
Gure Esku Dagok 100.000 pertsona elkarri lotu nahi ditu ekainaren 10eko giza katean
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak iragarri duenez, 'elkarrekin' etorkizuna eraikitzeko konpromisoa irudikatzea da mobilizazioaren helburua.
EITB.EUS
Gure Esku Dagok gutxienez 100.000 lagun, 3.000 boluntario eta 1.200 autobus mobilizatu nahi ditu ekainaren 10erako aurreikusitako mobilizazio erraldoiari begira.
Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz Gure Esku Dagoko kideek Eusko Legebiltzarraren atarian agerraldia egin dute eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katean parte hartzeko deia egin dute.
ETAren amaieraren ostean zabaldutako aro berrian, erabakitzeko eskubidea "giltza" izango dela iritzi dio Gure Esku Dago dinamikak. "Epe luzerako bizikidetza eta elkarbizitza bermatzeko gako garrantzitsua delako, eta herritarron borondate demokratikoa oinarri eta muga bakarra izanik, aukera guztiei bide ematen dielako, bazterketarik gabe", azpimarratu du.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak azaldu duenez, "demokrazian, askatasunean eta eskubide zibil eta politikoen defentsan" oinarrituko den etorkizuna "elkarrekin" eraikitzeko konpromisoa irudikatzea da ekainaren 10eko giza katearen helburua. "Euskal Herrian nolako estatus politikoa nahi dugun erabakitzera eramango gaituen Herri Itunera jauzi egin nahi dugu datorren urtean", gaineratu du.
Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza kateak badu behin betiko ibilbidea: zein herritatik igarotzen den eta zein herriri zein kilometro egokitzen zaion jasotzen duen mapa zabaldu du herri mugimenduak.
DOKUMENTUA: Kontsultatu PDF honetan ekainaren 10eko giza katearen mapa, herriz herri.
Izen-ematea
Gure Esku Dagok lehenbailehen izena ematera deitu ditu herritarrak, lekua ziurtatzeko eta antolakuntza lanak errazteko. Izena emateko hainbat bide daude: herri edo auzo bakoitzean jarritako postuen edota Gure Esku Dagoko webgunearen bitartez. Azaldu dutenez, parte-hartzaile bakoitzak zapia jasoko du 5 euroren truke.
Autobusak
Giza katera bertaratzeko garraio bide nagusia autobusak izango dira. Dinamikak jakinarazi duenez, autobusen bidez soilik bermatu ahalko du antolakuntzak, pertsona bakoitza nor bere kilometroan uztea.
Ordutegiak:
9:00 Antolakuntza martxan
10:00 Parte-hartzaileak iristen hasiko dira
10:00-11:30 Giza katea muntatu eta animazioa hasiko da
11:30 Dena prest
12:00-12:30 Giza katea eta ekitaldi nagusia
12:30-13:00 Irteera bideratu
13:30etik aurrera jai giroa Bilbon, Donostian eta Gasteizen