Politika -
Terrorismoaren aurkako ituna
Espetxe-politikari buruzko proposamenak 'entzun' egingo ditu Espainiako Gobernuak
Dena den, Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren esanetan, ETAko presoei egindako eskakizunak bere horretan mantenduko ditu Rajoyren Exekutiboak.
Agentziak | Erredakzioa
Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak gaur baieztatu duenez, aste honetan Terrorismoaren aurkako Itunaren bileran alderdi politikoek espetxe-politika aldatzeko egingo dituzten proposamenak "entzun eta aintzat hartuko" ditu Rajoyren Exekutiboak. Hala eta guztiz ere, arlo horretan ez direla neurri "kolektiboak" ezarriko esan du. Horrez gain, ETAko presoek eragindako mina onartu beharko dutela azpimarratu du, gizarteratze formulak erabili ahal izateko.
Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroari hainbat dokumentu emateko akordioa sinatu du gaur goizean Gasteizen De Andresek. ETAren amaieraren osteko egoera aztertzeko PPren Gobernuak gainerako alderdiekin aste honetan egitekoa duen Terrorismoaren aurkako Itunaren bileraz hitz egin du.
Testuinguru berri horri aurre egiteko moduari buruzko adostasunak aurkitzen saiatzea da bileraren helburua, Espainiako Gobernuko ordezkariaren iritziz. Dena den, "terrorismoaren biktimei begira" eta Zuzenbide Estatuaren baloreak kontuan izanda egingo den eztabaida dela zehaztu du De Andresek.
Terrorismoaren aurkako Itunaren batzarrera joaten diren alderdi politikoek egin ditzaketen proposamanak "entzun eta aintzat hartuko" dituela azaldu du: besteak beste, ETAko presoei ezartzen zaien kartzela-politikaren aldaketei dagozkienak.
Alabaina, gai horren inguruko "ardura" Mariano Rajoyren Exekutiboarena dela azpimarratu du, eta hortaz, "ezin zaiola zeregin hori beste norbaiti utzi".