Politika -

ETA-ren amaiera

ATAk adierazi du amnistia aldarrikatzeko sortu zela, 'eta ez borroka armatua egiteko'

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak salatu du mugimendu hori "borroka armatuari buruzko eztabaidarekin nahasteko" asmoa dagoela.

ATAk Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko irudia. EFE
ATAk Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko irudia. EFE
ATAk Bilbon egindako manifestazio baten artxiboko irudia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak (ATA) adierazi du ez zela sortu "borroka armatua egiteko", baina erantsi du ez duela "borrokarako metodorik" gaitzetsiko.

Kanboko Arnaga Etxean ETA-ren amaiera berresteko egindako ekitaldiaren biharamunean, ATAk agiria kaleratu du euskal presoentzat "amnistia aldarrikatzeko" eta "presoen aldeko borroka berraktibatzeko" sortu zela azpimarratuz.

Ildo horretan, ATAk deitoratu du mugimendu hori "borroka armatuari buruzko eztabaidarekin nahasteko" enegarren saiakera dela eta argitu du ez zela "borroka armatua egiteko jaio". Alabaina, era berean, "ez ginen jaio borrokarako metodoak gaitzesteko, ezta borroka armatua bera gaitzesteko ere", zehaztu du.

"Gainerako borroka moldeekin gertatu bezala, borroka armatua amaitu behar den edo ez, borroka armatua praktikatzen duenari dagokio soilik", erantsi du.

Bestalde, ATAren iritzian, "borroka armatua bukatzea eta bakea ez dira gauza bera; hori onartzen duenak opresioari zilegitasuna ematen dio eta zapaltzaileari aurre egitea kriminalizatzen du".

Horrenbestez, ATAk euskal presoentzako amnistia aldarrikatzen jarraituko duela esan du, "gudariak direlako, errepresaliatu politikoek egindako borrokaren zilegitasuna harrotasunez goraipatu nahi dugulako eta askatasunaren aldeko borrokari lotuta jarraitzeko hautua egin dugulako".

"Amnistiaren aldeko oihua zabaltzen segituko dugu, Espainiako eta Frantziako estatuek askatasun nazionala nahiz soziala galaraztea onartzen ez dugulako", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Albisteak Bakea Euskadin