Politika -

Altsasuko auziaren epaiketa

Auzipetuak Altsasuko liskarrean izan zirela frogatu ez dela adierazi du defentsak

Altsasuko zortzi gazteen kontrako epaiketa epaiaren zain geratu da. 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatzen dituzte haientzat, terrorismoa egotzita.

Epaiaren zain geratu da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaiketa gaur amaitu da Auzitegi Nazionalean. Defentsak atzo hasi ziren euren ondorioak azaltzen eta gaur azken lau auzipetuen abokatuek hitz egin dute.

2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatutakoa terrorismotzat jotzea eta istilu horiengatik 12 eta 62 urteko kartzela-zigorrak eskatzea "gehiegizkoa" eta "neurrigabea" dela kritikatu dute.

Akusatu guztien absoluzioa eskatu dute, gertakari hartan parte hartu zutela epaiketan frogatu ez dela iritzita.

"ETAk betirako desegin dela esan du. Horrek ez du esanahi egin duena ahaztu behar denik, baina gauza bat da terrorismoa ez ahaztea eta beste bat da kontakizunak asmatzea, Zigor Kodeko tipifikazioak behartzea eta existitu ez den terrorismoa aplikatzea", azpimarratu Iñaki Abad eta Aratz Urrizola gazteen abokatuak, Jose Luis Galanek.

Galanen esanetan, terrorismotzat jo dira gertakariak, "propaganda arrazoiengatik eta etxean jokatzeko, kasua Auzitegi Nazionalean epaitzeko, alegia".

Gazteen kontra eskatuta kartzela-zigorrak "neurriz kanpokoak" direla esan du, "hildakoak eta tiroketak daudenean soilik eskatzen direlako horrelakoak". Areago, Galanek esan du genozidio, matxinada, bahiketa nahiz homizidio kasuetan espetxe-zigor txikiagoak galdegiten direla.

Horrenbestez, epai-mahaiari ebazpen "justua" eman dezala eskatu dio. "Zenbat eta justizia gehiago egin, orduan eta hobea izango bizikidetza Altsasun", nabarmendu du. Ildo berean, abokatuak esan du Altsasuko egoera ez zela onena, baina bai ona, eta prozesu judizial honen ondotik denak okerrera egin duela.

Halaber, Galanek ukatu egin du bi akusatuak Ospa Mugimenduko kideak direla. Alabaina, erantsi du hala izango balira ere ez litzatekeela delitua izango, Guardia Zibila Euskal Herritik joatea eskatzea delitua ez delako eta are gutxiago terrorismoa.

Eva Gimbernat abokatuak, ostera, Jon Ander Cob auzipetuarentzako absoluzioa galdegin du, gaur hartan Koxka tabernan izan zela eta Ospa Mugimenduarekin inolako loturarik ez duela argudiatuta.

Era berean, "astakeria juridikotzat" jo du Altsasun izandako liskarra terrorismotzat hartzea eta gogoratu du gertakari horiek Ospa Mugimenduarekin lotzen duen txostena Guardia Zibilak egin duela, "auzi honetako alde batek, alegia".

Horrez gain, fiskalaren jarrera kritikatu du, "auzipetuak errudun direla frogatzeko minutu bakarra erabili zuelako, bizitza erdia baino gehiago kartzelan igaro behar dutela eskatzen ari denean".

Biktimei dagokienez, tenienteak hautsitako orkatilarena kenduta, gainerako hirurek "ubeldurak, zauri txikiak eta kontrakturak" izan zituztela gogoratu du. Abokaturen iritzian, gehienez zauri arinak eragiteagatiko delitua leporatu daiteke horregatik.

Bestalde, auzipetuetako batek gau hartan Koxka tabernaren kanpoaldean sakelako telefonoarekin grabatutako bideoa izan du hizpide. Irudi horietan sarjentua alkandora zuri batekin jantzita ageri da eta "jarrera oldarkorra erakusten du inguruan dauden guztiekiko". "Noraezean ikus daiteke, baina ez minagatik, edanda dagoelako baizik", erantsi du abokatuak.

Adur Ramirezi liskarra eragitea leporatzen diote, baina haren abokatuak esan du gertakarien gauean ez zela tabernan izan, etxean zegoelako.

Ildo horretan, erantsi du biktimek han ikusi zutela esan izana ezin daitekeela nahikoa izan Adur bertan egon zela frogatutzat emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Epaiketak Albisteak Altsasu