Politika -

ETA-ren amaiera

Urkullu: 'Gaurkoa egun garrantzitsua da, ETA betirako desagertu delako'

Lehendakariak biktimak izan ditu gogoan eta aurrerantzean erronka nagusia "bizikidetza eta memoria" lantzea izango dela erantsi du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'Egun garrantzitsua da ETAk gehiago asaldatuko ez gaituelako'

0:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ETAren behin betiko amaierari buruzko lehen balorazioa egin du arratsalde honetan, Bilboko Euskalduna Jauregian izan duen ekitaldi batean.

Urkulluk ETAk eragindako biktimak izan ditu gogoan, aurrerantzean erronka nagusia "bizikidetza eta memoria" bermatzea izango dela esan du eta gaurkoa "egun garrantzitsua" dela azpimarratu du, "ETAk gehiago asaldatuko ez gaituelako".

ETAk bere ibilbidea bukatu dela baieztatu duen arren, lehendakariak ez du gaurko aurreikusita zuen agendan aldaketarik egin eta arratsaldean Euskadiko Kirol Federazioak antolatzen duen GaituzSport Sariak banatzeko ekitaldian izan da, Euskalduna Jauregian. Ekitaldi horretan agerraldia egin duenean izan du hizpide ETAren erabakia.

"Gaurkoa etorkizunerako egun garrantzitsua da, ETA betirako desagertu delako. Lehenengo eta behin, biktimak guztiak gogoratu nahi ditut, inoiz izan behar ez ziren biktimak", adierazi du.

"Bizikidetzaren alde, memoriadun bizikidetzaren alde eta pertsona guztien eskubideak eta giza duintasuna oinarri izango dituen bizikidetzaren alde elkarlanean aritzeko unea da", gaineratu du.

Lehendabiziko balorazio honen ondotik, ostiral honetan, 16:30ean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barko Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldi bateratua egingo dute Bertizeko Jaurerriaren Jauregian.

"Bihar arratsaldean azalduko ditugu gure ondorioak", esan du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza ETA Albisteak Bakea Euskadin