Politika -
ETA-REN AMAIERA
Nafarroako Gobernua: 'Terrorismoak eta minak markatutako kapitulu iluna amaitu da'
Uxue Barkosen Gobernuak esan du ETAk bere azken agirian "benetako autokritika" egiteko aukera galdu duela, eta adierazpen horretan biktimak aipatu ez izana deitoratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAk bere behin betiko amaiera iragarri duela eta, Uxue Barkosek zuzentzen duen Nafarroako Gobernuak ohar bidez egin du bere lehen balorazioa.
Hasteko, ETAk bere ibilbidea "aldebakarrez eta betirako" bukatutzat emanda, "gizarteak aspalditik eskatutakoa" betetzen dela azpimarratu du.
"Terrorismoak, indarkeriak eta minak markatutako gure historiako kapitulu iluna amaitu da", erantsi du.
Horrez gain, Foru Gobernuak uste du ETAk aukera galdu duela "autokritika" egiteko eta bere jarduerak eragindako "min bidegabea" aitortzeko.
"Azken hamarkadetan egin duenari buruzko autokritika egiteko eta, aldi berean, biktima guztiak bereizketarik gabe aitortzeko aukera galdu du; izan ere, guztiak dira indarkeria bidegabearen biktimak. Eta, tamalez, biktimak aipatu ere ez ditu egiten bere azken agirian", deitoratu du.
Ildo horretan, ETAk bere ibilbidea eta jarduera justifikatzen saiatu dela esan du. "Baina ETA ez zen sekula existitu behar eta inork inoiz ez zuen pentsatu behar ideiak eta proiektuak indarkeriaren bidez defendatu daitezkeela", gaineratu du.
Amaitzeko, ETAren indarkeria "bidegabea eta justifikaziorik gabekoa" dela nabarmendu du. "Indarkeria horren ondorioei erantzuteko lan handia eta serioa egin beharko da eta Nafarroako Gobernua horretarako prest dago, agertoki berri honetan biktimen eskubideak babesteko", agindu du.