Politika -
ETA-ren amaiera
Urkullu: 'Ezertarako balio izan ez duela pentsatzeak izu-ikara ematen dio ETAri'
Presoen etorkizunari dagokionez, datozen hilabeteetan Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko lanean ari dela esan du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, “bereak ezertarako balio izan ez duela eta amaiera porrot bezala ulertzeak izu-ikara ematen dio ETAri”. Desegitea euskal gizarteari eta gizateriari zor ziela uste du agintariak.
Erakundeak gizartean izan duen paper odoltsuaren inguruan irmo azaldu da buruzagia El Pais egunkarian. “ETAk ez zuen sekula existitu behar izan”, adierazi du.
“Zantzu guztien arabera”, ETAren iragarpenak benetako desagerpena suposatuko duela uste du lehendakariak. Urkulluren ahotan, “bukaera horretarako baldintzak azaldu genizkien nazioarteko eragileei bere garaian: aldebakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa izatea. Agiria horrelakoa izango dela uste dut”.
Iragarpena “gertakari oso garrantzitsua da”, erantsi duenez. ETAk biktimen artean bereizketa eginez eskatu zuen barkamenari buruz, erakundeak “kontakizun bat eraiki” nahi duela kritikatu du lehendakariak. “Bereizketarik egin gabe, egindako kalte bidegabea izan dela onartzeko garaiz dago oraindik”, gaineratu du.
Ezker abertzaleak izandako jarreraren inguruan, “indarkeria eragin edo justifikatu dutenek egindako kalte bidegabea onartu behar dute euskal gizartearen aurrean”, esan du.
Presoen etorkizunari dagokionez, datozen hilabeteetan Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko lanean ari dela esan du lehendakariak. “Espainiako Gobernuarekin lanean ari gara”, azpimarratu du.
Mariano Rajoy Gobernu zentraleko presidenteak espetxe politikan aldaketaren bat egin dezakeela uste du lehendakariak. “Zertaz ari garen badakite”, zehaztu du.
“Rajoy sentibera da. Espetxe politika aldatzeko baldintza bezala ETAren desegitea jarri izan du beti Gobernuak”, errepikatu du Urkulluk.
Buruzagiaren esanetan, ETAren amaierak euskal gizartearen gehiengoaren hamarkadetako eskariari erantzungo dio. “Indarrean dagoen araudiaren barruan, espetxe politika beste era batera kudeatzea posible da”, nabarmendu du.