Politika -
ETA-ren amaiera
Urkulluk 'komunikazio etengabe eta estua' du nazioarteko agenteekin
Erkorekaren esanetan, ETAren amaierak 'alde bakarrekoa, argia eta behin betikoa' behar du izan. Nafarroako Gobernuak esan du Jaurlaritzarekin 'elkarlanean' ari dela erantzun bateratu bat emateko.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak 'komunikazio etengabe eta estua' du ETAren desegitearen alde lanean ari diren nazioarteko eragileekin, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez. Horren hitzetan, asteon bertan gutuna bidali die "euren inplikazioa eta lana eskertzeko".
Gobernu bileraren ondotik eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, Jaurlaritzak uste du ETAk "biharko —ostegunerako— iragarri duen" desegiteak "alde bakarrekoa, efektiboa eta behin betikoa" izan behar duela, hau da, "kontraprestaziorik gabekoa, argia eta atzera egiteko aukerarik gabekoa".
Erkorekak esan du Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dagoela "erantzun bateratua" emateko. Dena dela, argitu du oraindik ez dutela ezer erabaki, erantzuna adierazpenaren "eduki eta irismenaren araberakoa" izango delako.
Ildo beretik mintzatu da Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea ere. Horren hitzetan, bi gobernuak "elkarlanean" ari dira ETAren amaieraren inguruan "hausnarketa" bateratua egiteko. "Arduraz jokatzeko unea da, ETAk bere adierazpena ezagutu arte ez dugu ezer aurreratuko", adierazi du.
Solanaren esanetan, "aukera ezberdinak ditugu, baina ETAren iragarpena zehatz-mehatz ezagutu arte ez da egongo behin betiko erabakirik".