Politika -

KATALUNIA

Puigdemontek JxCATeko parlamentariak bildu ditu Berlinen, inbestidura aztertzeko

Kataluniako Parlamentuak Presidentzia Legearen erreforma onartu zuen atzo, baina Espainiako Gobernuak dagoeneko iragarri du Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko duela.

Junts per Catalunya talde parlamentarioaren bilera Bruselan. Artxiboko argazkia: EFE
Junts per Catalunya talde parlamentarioaren bilera Bruselan. Artxiboko argazkia: EFE
Junts per Catalunya talde parlamentarioaren bilera Bruselan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidentea Junts per Catalunyako (JxCAT) diputatuekin bilduko da gaur (13:00 GMT) Berlinen. Kataluniako Parlamentuak Presidentetza Legearen erreforma onartu eta biharamunean egingo dute batzarra.

Puigdemont Parlamentuan egon gabe presidente izendatu ahal izateko erreformak JxCAT, ERC eta CUP taldeen aldeko botoak jaso zituen, tartean Puigdemontek, Antoni Cominek eta espetxean dauden diputatuek delegatutakoak ere. Ciudadanos, PSC, Catalunya en Comu-Podem eta PPC taldeek, ostera, kontra bozkatu zuten (64 boto).

Bestalde, Espainiako Gobernuak dagoeneko jakinarazi du Auzitegi Konstituzionalean Presidentzia Legearen aurkako helegitea aurkezteko izapideak abiarazi dituela jada. Hala jakinarazi zuen atzo Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.

Nolanahi ere, eta lege hori onartuta egon arren, ez dago argi Junts per Catalunya berriro ere Carles Puigdemont presidente izendatzen ahaleginduko den ala ez. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak joan den astean tramitera onartu zuen Espainiako Gobernuak Carles Puigdemonten hautagaitzaren kontra aurkeztutako helegitea eta erabaki hori ez betetzeak ondorioak izango lituzke.

JxCATeko iturriek diotenez, ez dituzte Parlamentuko Mahaiko kideak Konstituzionalaren agindua ez betetzera behartu nahi. Hori dela eta, Puigdemonten hautagaitzari eutsi edota beste hautagai bat aurkeztu erabaki beharko dute.

Berlingo bilerak hautagaiaren izena argitu dezake. Hautagai alternatibo baten aldeko apustua eginez gero, Jordi Sanchez (JxCAT) eta Pere Aragones ERCko buruak Elsa Artadiren hautagaitza babestu dute aste honetan.

Hautagai 'sendoa' izanez gero, inbestidura datorren astean izan daiteke, ERCren ustez

Pere Aragones ERCko presidentearen ondokoak asteazkenean azpimarratu zuenez, JxCatek inbestidurarako hautagai "sendoa" aurkeztuz gero, —ziurrenera asteburu honetan— inbestidura saioa datorren astean izan daiteke.

Catalunya Ràdio irrati kateari egindako adierazpenetan ziurtatu zuenez, "gaur-gaurkoz ez dago izenik mahai gainean". Haren esanetan, ERCk eta JxCATek lorturiko akordioaren arabera, azken horri dagokio Generalitateko presidente izateko hautagaia proposatzea.

Aragonesen esanetan, ERCk bere esku dagoen guztia egingo du JxCATek hautagaia jakinarazten dion unetik bertatik Gobernu berria lehenbailehen osatzeko, eta hori datozen egunetan gertatzea espero du.

Junts per Catalunyak Elsa Artadi proposatuko balu, ERCk ez luke inolako arazorik izango hori onartzeko. "Izen bat mahai gainean dagoenean egon daitezkeen trabak aztertuko ditugu, baina ziur nago (JxCatek) proposamen sendoa egingo duela", gaineratu zuen Aragonesek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Bartzelona bideoak Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak Puigdemont azken ordukoa JxCat azken ordua