Politika -
ETAren amaiera
Intelektual eta biktima talde batek ebatzi gabeko 358 kasu argitzea eskatu dio ETAri
Kasu horiek argitzeaz gain, 'izuaren historia' salatu dezala eskatu diote ETAri manifestu baten bitartez.
Agentziak | Erredakzioa
Ehun bat intelektualek eta biktimek ebatzi gabe dauden "gutxienez 358" hilketa argitzea eskatu diote ETAri manifestu baten bidez, baita "izuaren historia" salatzea ere.
Orain dela eta urtebete "Inpunitaterik gabeko ETAren amaiera" izeneko idatzia hedatu zuten Fernando Savaterrek, Maite Pagazaurtunduak, Consuelo Ordoñezek, Joseba Arregik, Martín Alonsok, Luis Castellsek eta Teo Uriartek. Orain kaleratu dutenarekin "antolakuntza terroristaren amaieran eztabaida garbia eta beharrezkoa" bultzatu nahi dute.
ETAk egoerari berehala aurre egiteko aukera duela berretsi dute, "jazarri, zauritu eta hil zituen pertsonengan biktimizazio bikoitzik ez sortzeko". Halaber, "terroristei egiten zaizkien omenaldi publikoekin amaitzea" eskatu dute, "biktimak guztiak salbuespenik gabe" errespetatzeaz gain.
Egileen aburuz, "bereziki zinikoa eta bidegabea da" ETAk azken agirian "hainbat biktimari barkamena eskatzea, eta aldi berean, horietako askoren hilketa justifikatzea".
Zentzu horretan, "soilik batzuei barkamena eskatzea ez ote den norbaitek agindutako baldintza" zalantzan ipini dute, "bere burua nazioarteko bitartekari gisa hartu dutenek haien aurpegia salba dezaten".
Gizarteak ETA amaitzeko duen gogoa aprobetxatuz, "inpunitate moral, sozial eta politikoa" ahalbidetu nahi dutela ohartarazi dute. Izan ere, "prozesuak eragindako agoniak egoerari etekina atera nahi dietenei soilik laguntzen die", gaineratu dute.
Dokumentuak "Kontadorea hutsean harri nahi dute" du izena, eta change.org plataforman dago eskuragarri. Besteak beste, honako intelektuak, politikari eta ETAren biktimek sinatu dute: Fernando Aramburu, Jon Juaristi, Juan Jose Millas, Rosa Diez, Josu Puelles, Raul Guerra Garrido, Ana Iribar, Cristina Cuesta, Francisco Llera, Maria San Gil, Adolfo Suarez Illana, Florencio Dominguez eta Esteban Gonzalez Pons.