Politika -

Eusko Legebiltzarra

Poliziaren biktimen kaltea konpontzea xede duen testua aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzak "adostasuna" eskatu du testuaren inguruan eta errealitate hori ETAren biktimekin "ez parekatzeko" deia egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ofizialki aurkeztu du biktima politikoen txostena. "Estatuko agenteek", hau da, poliziak, egindako gehiegikeriek utzitako biktimak jaso dituzte bertan eta, testuaren inguruan "adostasuna" eskatzeaz gain, errealitate hori ETAren biktimekin "ez parekatzeko" deia egin dute.

Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu dute testua Maixabel Lasa Biktimen Arretarako bulegoko zuzendariak eta Ines Ibañez de Maestu Giza eskubideen zuzendariak.

Txostenak barne hartzen dituen biktimak zeintzuk diren zehaztu dute lehenengo. Hori horrela, lehenengo puntuan "Estatuko agenteek botere gehiegikeriaz" eragindakoak edo horien babesa jaso duten "erakunde edo talde parapolizialen" biktimak jasotzen dituztela argitu dute.

Bigarren puntuan, aipatzen diren giza eskubideen urraketak "antolakuntza maila nabarmenarekin" egin direla zehaztu dute, "gizartean edo politikan eragina izateko eta askotan inpunitate testuinguru batean".

Biktimak

Hirugarren puntuan, indarkeria mota horren biktimak "arrazoi politikoengatik" aukeratu dituztela azpimarratu dute.

Txostenak hiru garai bereizten ditu 1968tik gaurdaino. Hala ere, 1980ko hamarkadatik gaur arteko epean definizioaren lehenengo bi elementuak ez direla kontuan hartzen azaldu dute, Espainia ordutik aurrera "Estatu demokratikoa, inguruko estatuen pareko eskubideduna" izan delako.

Azken garai horretan, eskubideen urraketak "terrorismoaren kontrako politika garatzerakoan Estatuko agenteek egindako gehiegikerien ondorioz" izandako biktimak hartzen dira kontuan, baina horiei "ezin zaie motibazio politikoaren biktimak direla esan". Dena dela, horrek ez omen du zalantzan jartzen eskubide urraketaren "larritasuna".

Ez dago erroldarik

Aurreko Jaurlaritzak gai honi buruz egindako lanean agertzen zen biktimen erroldarik ez da bertan agertuko, "motibazio politikoaren biktima" izateko baldintzak azaltzen dira soilik.

Biktimen Arretarako Zuzendaritzak onartu du zerrenda horrek (Estatuko Segurtasun indarren 105 hilketa agertzen ziren) "balioa" zuela, baina txosten berrian ez sartzearen arrazoia azaldu du, izan ere, zerrenda horrek ez du "eragin juridikorik" biktimengan.

Konponketarako neurriak

Indarkeria mota horren biktimei eragindako kaltea "konpontzeko" neurrien katalogoa ere zehaztu du Jaurlaritzaren lan berriak: aipatu ekimenak gauzatzeko aurrekontua izatea, gaiari buruz Legebiltzarrak ponentzia bat sortzea eta biktimen "errekonozimendu publikoa" lortzeko adierazpen instituzionala, besteak beste.

Maixabel Lasak esan du biktima horiekiko elkartasuna "erakundeen zor bat" zela. Horren harira, iraganaren "berrikusketa lanak demokrazia hobetzen" duela eta "indarkeriari zilegitasuna kentzen" laguntzen duela azaldu du.

Dena dela, Biktimen Arretarako zuzendariak esan du txostena "bidearen hasiera" besterik ez dela. Baina argi adierazi du ETAren biktimak eta giza eskubideen urraketen biktimak "parekatzea" saihestu behar dela, "gatazka politikoaren teoria gehiago ez elikatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea