Politika -
ETAren desegitea
Desagertzeagatik ETAk ez duela onurarik izango ziurtatu du Rajoyk
Espainiako Gobernuko presidenteak ETAren desegiteari buruzko agiriaren inguruan hitz egin du publikoki lehen aldiz Balearretako 'Última hora' egunkariari eskainitako elkarrizketan.
Agentziak | Erredakzioa
Desagertzeagatik ETAk ez duela inolako onurarik izango berretsi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, egindako delituen ardura mantendu egingo delako. Horrez gain, zabaldutako azken agirian biktimen artean bereizkeria egitea "ez dela duina" argudiatu du.
Espainiako Exekutiboko presidenteak ETAren desegiteari buruzko agiriaren inguruan hitz egin du publikoki lehen aldiz Balearretako "Última hora" egunkariari eskainitako elkarrizketan. ETAren dokumentua "porrotaren egiaztapena" dela nabarmendu du.
Rajoyren esanetan, "ez du inolako helbururik erdietsi, ez du abantailarik lortu ez hiltzeagatik edo hiltzen uzteagatik, eta ez du batere onurarik izango desagertzeagatik".
Horrez gain, Zuzenbide Estatuak garaitu duela ETA esan du, eta biktimak beti hor egongo direla.
"ETAren basakeriak kolpatu ditu biktimak eta ez da duina batzuen eta besteen arteko bereizkeria egitea. Guztiek merezi dute gure onarpena eta babesa, jasan behar izan dutenagatik eta demokraziak ETAren aurrean lortutako garaipenaren erreferente direlako", gaineratu du Rajoyk.
Espainiako Gobernuko presidentearen aburuz, ETAk desagertu egin behar du, poliziak garaitu ostean duen bide bakarra delako.