Politika -

Wikileaksen filtrazio berriak

AEBek presio egin zioten Espainiari hainbat auzi judizial boikotatzeko

Besteak beste, Jose Cousoren heriotzaren, Guantanamoko torturen eta CIAren hegaldi sekretuen auziak geldiarazten saiatu ziren AEBetako diplomaziariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBek presio egin zioten Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari hainbat politikari eta militar estatubatuarren kontra Espainian irekitako auzi judizialak "geldiarazteko eta boikotatzeko", El Pais egunkariak gaur jakinarazi duenez. Besteak beste, Jose Cousoren heriotzaren, Guantanamoko torturen eta CIAren hegaldi sekretuen auziak aipatu ditu kazetak.

Informazioa Wikileaks webguneak filtratu du. Horren arabera, presioen egilea Eduardo Aguirre AEBek 2005 eta 2009 urteen artean Espainian izan zuten enbaxadorea izan zen gehienbat, baina Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusia eta Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburua laguntzeko prest agertu ziren.

Presioak askotarikoak izan ziren, eta mehatxuak ere erabili zituzten: "Pazientzia agortzen ari zait PSOE eta haren aliatuak AEBei buruz egiten ari diren adierazpen desleialen aurrean". Carles Casajuana Moncloako aholkulari diplomatikoari egin zioten mehatxu hori, baina "antzeko" abisu bat Jose Blanco garai hartan PSOEk zuen Antolakuntza idazkariari ere egin zioten.

Jose Cousoren heriotza

2007ko udaberriko txosten baten arabera, Espainiako Gobernua "laguntza" ematen ari zen Couso auzian.

Jose Couso Telecinco telebista-kateko kameralaria 2003ko apirilean hil zen, Bagdaden (Irak), AEBetako tanke batek tiro eginda.

Wikileaksek aipatu egunkariari helarazitako txostenen esanetan, 2007ko apirilean Aguirre enbaxadorea eta Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko lehen presidenteordea batzartu egin ziren, eta azken horrek auziaren jarraipenarekin "buru-belarri" zegoela ziurtatu zion. Halaber, helegitea aurkeztea aztertzen ari zirela jakinarazi zion.

2007ko urtarrilean, Conde-Pumpido bildu zen Aguirrerekin, Couso auzia hizpide, eta ezin zuela ezer egin esan bazion ere, fiskalek heriotzarekin zerikusirik zuten hiru militar estatubatuarrak atxilotzeko aginduaren "aurka" egiten jarraituko zutela azaldu zion.

Javier Zaragoza fiskala ere hari zuzendu zitzaion, hiru militarrak auzipetzearen aurka zegoela jakinarazteko.

Guantanamo

Guantanamoko espetxean jazotako ustezko torturen harira Auzitegi Nazionalak abiatutako ikerketari dagokionez, AEBek kezka adierazi zuten Espainia "jurisdikzio unibertsalarekin" egiten ari zen erabilera dela eta.

Iazko apirilean, Mel Martinez senatari estatubatuarra Espainian izan zen, eta Angel Lossada Espainiako Atzerri Gaietarako Estatu idazkariarekin bildu zen. Zita horretan, estatubatuarrak ohartarazi zion AEBek ez zutela onartuko ikerketa, eta auziak ondorioak ekarriko zituela bi herrialdeen arteko harremanetan.

Hori horrela, Lossadak zera erantzun zion, ikerketaren aurka zegoela esango ziola Gobernuak Conde-Pumpidori.

Zaragoza enbaxadako hainbat ordezkarirekin batzartu zen hilabete berean, eta auzia Baltasar Garzon epailearen esku ez egoteko ahal beste egingo zuela ziurtatu zien.

CIAren hegaldiak

2007ko otsailean, AEBen enbaxadak kezka agertu zuen Ismael Moreno epailearen eta Alemaniako fiskalen artean koordinazioa zegoelako: "Koordinazio horrek zaildu egingo du auzi hau Gobernuek zuhurtziaz tratatzeko asmoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea