Politika -
Duintasunaren Kolunbarioa
DNA programak identifikatutako lehen pertsona hobiratu dute Elgoibarren
Miguel Vargas tolosarraren gorpuzkiak dira. Rabanera del Pinarreko (Burgos) hobi batetik atera zuten, haren senideei DNA lagina hartu ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
DNA programak identifikatutako lehen pertsonari lurra eman dio astearte honetan Eusko Jaurlaritzak Duintasunaren Kolunbarioan. Miguel Vargas tolosarraren gorpuzkiak dira. Rabanera del Pinarreko (Burgos) hobi batetik atera zuten, haren senideei DNA lagina hartu ondoren. Horrela, identifikatzea lortu zuten, senitartekoek denbora luzea bilatzen eman ondoren.
Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian izan da Elgoibarko (Gipuzkoa) Duintasunaren Kolunbarioan. Miguel Vargas Arnaizen gorpuzkiak entregatzeko eta hobiratzeko ekitaldia ohorezko aurresku batekin hasi da. Ondoren, Paco Etxebarria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Cristian Etxeberria Miguel Vargasen birbilobak hitza hartu dute.
Urkulluk eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzarako idazkari nagusiak Miguel Vargasen gorpuzkiak bi senideri entregatu dizkiete. Senitartekoek Vargasi lur eman diote Duintasunaren Kolunbarioko horma-hilobi batean.
Era berean, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak, Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Jose Manuel Herrero Gaztela eta Leongo Presidentetzako idazkari nagusiak ekitaldian parte hartu dute. Ehorzketa lore eskaintza batekin bukatu da.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Miguel Vargas Arnaizek urte asko eman zituen Tolosan (Gipuzkoa). Bertako guardia zibila izan zen.
Urteak pasa eta Burgosko San Millan de Lara jaioterrira itzultzea erabaki zuen. Han atxilotu zuten 1936ko irailaren 23an, eta handik gutxira, irailaren 27an, beste lau pertsonarekin batera fusilatu zuten.
Bere gorpuzkiak Picon de Valdeabejaseko hobitik atera zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak 2009an, Rabanera del Pinarren (Burgos), beste lau pertsonaren gorpuzkiekin batera.
Iñigo Urkullu lehendakaria Miguel Vargasen gorpuzkien hobiratzean izan da. Argazkia: EFE
Familiak urteak eman ditu senidearen bila. Senitartekoak Gipuzkoako herri ezberdinetan bizi dira egun.
Iaz Gogorarekin harremanetan jarri ziren, Rabanera del Pinarreko hobitik atera zituzten gorpuzkiak Miguel Vargas Arnaizenak izan zitezkeenaren susmoa hartuta. Egiaztatzeko DNA lagina hartu zieten, gorpuzkienarekin alderatu eta identifikatzea lortu dute.
Eusko Jaurlaritza Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bilaketan eta identifikazioan lan egiten ari da 2002az geroztik. Epe horretan 44 hobi aurkitu eta 118 pertsonaren gorpuzkiak lurpetik atera dituzte. Gaurdaino, haien senideei 26 pertsonaren gorpuzkiak entregatu dizkiete.