Politika -
Auzitegi Gorena
Sanchezek, Junquerasek eta Cuixartek 'epaiketa politikoaren' aurka protesta egin dute
Hiru auzipetuek, guztiak badaezpadako espetxean, agerraldia egin dute Gorenaren aurrean, prozesamenduaren berri izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Sanchez (JxCat) Generalitateko presidentegaiak, Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetuak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak protesta egin dute Auzitegi Gorenean, euren aurkako “epaiketa politiko” baten aurrean daudela iritzita.
Hiru auzipetuek, guztiak badaezpadako espetxean, agerraldia egin dute Gorenaren aurrean, matxinada eta beste delituen prozesamenduaren berri izateko, 'proces' delakoaren sumarioaren barruan.
Hiru akusatuen hitzetan, bere ideia politikoen aurkako auzipetzea da. Pablo Llarena epailearen objektibotasun falta salatu dute. Era beran, protesta baketsua bezalako giza eskubideen urraketa salatu dute edo, Sanchezen kasuan, parte-hartze politikorako eskubidea.
Epailearen inpartzialtasuna zalantzan jarri du Sanchezek. Ostiralean bere inbestidura saioa bertan behera utzi zuten, Llarenak bigarrenez hautagai bezala aurkeztea eragotzi ondoren. Vox herri-akusazioak zehaztu duenez, Llarenari adi-adi begiratuz, epailearen objektibotasun faltagatik kexatu da Sanchez.
Bestalde, defentsako abokatuek kazetarien aurrean azaldu dutenez, auzipetze autoek protesta eskubidea kriminalizatzen dutela salatu dute hirurek, horregatik independentisten indarkeria ukatu eta protesta eskubidea defendatu dute.
Horrela, Kataluniaren independentzia aldarrikatzea delitua ez dela defendatu dute hiru buruzagiek. Bestalde, legezkotasuna, defentsa eskubide eta auzitegien eskumen araudiekiko errespetu eskasa salatu dute, abokatuen arabera.
Gertakariak ikertzerakoan “inpartziala” ez dela esan dio Sanchezek Llarenari, bere burua “biktima” bezala kokatzen duelako. Auzipetze autoan agertzen den aipu bati erreferentzia egin dio Sanchezek adierazpenean; izan ere, epaileak pluraleko lehen pertsona erabiltzen du: “pairatzen ari garen estrategia”.
Sanchezen ahotan, bere egoera “bidegabea” da, Gorenak auzia eramateko “eskumenik ez duelako” eta, gainera, abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzek epailearen argudioak “aldatu” dituenaren “sentsazioa” du. Ordu bat eta 15 minutu magistratuaren aurrean eman ditu Sanchezek.
Cuixarti eta berari indarkeria bultzatzea leporatu, eta aldi berean Katalunian jendeak beste lurralde batzuetako parametroekin funtzionatzen ez duela esatea nola den posible galdetu du Sanchezek. “Katalunia ez da Ipar Korea”, adierazi du epailearen aurrean.
Junquerasek Llarenari esan dionez, "erreferenduma deitzea ez da delitu".
Junqueras 40 minutuz mintzatu da, eta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die. Berretsi duenez, erreferenduma deitzea ez da delitu, eta Katalunian jazotakoa "baketsua" izan zen. ERCko presidenteak ez die gainerako abokatuen, Fiskaltzaren eta Vox herri akusazioaren galderei erantzun.
Junqueras Estremerako kartzelan dago preso, azaroaren 2tik. Epaileari esan dionez, "ez dugu Aurrekontuaren euro bakar bat ere prozesu subiranistan gastatu".
ERCko buruzagiaren hitzetan, "giza duintasunean, bakean eta elkarbizitzan sinisten dut".
Kataluniako prozesu subiranistaren harira auzipetutako gainerako 23 pertsonak epailearen aurrera agertu beharko dira datozen egunetan, Llarenak auzipetze autoa jakinarazi diezaien.
Horrela, astearte honetan Joaquin Forn (Barne), Raul Romeva (Atzerri) eta Josep Rull (Lurralde) kontseilarien txanda izango da.