Politika -
Kataluniako krisia
Traperok ukatu egin du Mossoak prozesu independentistaren zerbitzura jarri izana
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur jakinarazi dizkie prozesamenduak Traperori, Solerri eta Cesar Puigi.
Agentziak | Erredakzioa
Sedizio eta antolakuntza kriminal delituak egotzita Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak abiatutako auzipetze-autoaren aurkako helegitea jarri du Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagi ohiak. Ukatu egin du Kataluniako polizia prozesu independentistaren zerbitzura jarri izana, ez Traperok ez poliziaren zuzendaritzak ez zutelako "erreferenduma egiteko planik elkarbanatzen".
Astelehenean Olga Tubau abokatuak jarritako helegitean Traperok nabarmendu duenez, auzian ez dago burujabetza planarekin ados dagoela dioen manifestaziorik, ez publikorik ez pribaturik. "Batetik, ez zuen inoiz adierazpenik egin zentzu horretan; bestetik, berriz, ez zuen inoiz ustezko 'antolakuntza korapilatsu eta hetereogeneo' horretan parte hartu, ezta polizia autonomikoa horretara bultzatu ere", zehaztu dute idatzian.
Hitzordua Auzitegi Nazionalean
Carmen Lamela epaileak gaur jakinarazi dizkie aurrez aurre Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagi ohiari eta haren nagusi izandako Pere Solerri eta Cesar Puig Barne idazkari ohiari urriaren 1eko erreferendumagatik egotzitako sedizio eta antolakuntza kriminalarengatik auzipetzea.
08:30erako deitu ditu hirurak. Horrez gain, Teresa Laplana Esquadra Mossoen intendenteak ere joan behar du, Ekonomia Kontseilaritzaren aurkako jazarpenagatik baitago auzipetuta. Ikerketa-deklarazioa hartuko die, eta, nahi izanez gero, auzipetzearen inguruan duten jarrera azaldu ahal izango dute ikertuek.
Akusazioak kautelazko neurriak hartzeko bista laburra eska dezake agerraldi horretan, nahiz eta Fiskaltzak ez duen behin-behineko espetxealdirik eskatzeko asmorik.
Gaur Lamelarekin egin duten tramite hori bat dator ondoren Auzitegi Gorenean egingo duenarekin. Izan ere, Llarena epaileak ere gaur eman die Sanchezi, Junquerasi eta Cuixarti auzipetze-autoaren berri.
Auzitegi Nazionalak gertakariak sedizio eta antolakuntza kriminal gisa tipifikatu ditu; Auzitegi Gorenean, berriz, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia egotzi dizkiete. Hori dela eta, Pere Solerren defentsak zalantzan jarri du independentzia lortzeko sare kriminala antolatu zutela, Lamela epailearen argudioen kontra.
Solerrek auzipetzearen aurkako helegitean gogoratu duenez, Llarenak baztertu egin zuen Traperoren eta gainerako ikertuen auzia Gorenera eramatea, gertakarien arteko loturarik ez dagoela arrazoituta.
Bestalde, sedizio delitua ukatu du Esquadra Mossoen zuzendari ohiak; izan ere, Mossoen buruari, Traperori, zegokion urriaren 1eko operatiboaren inguruko erabakia hartzea.
Lamela epaileak, ordea, Kataluniako poliziaren zuzendaritza ohiari leporatu dio "urriaren 1ean haien mendeko langileek zereginak alde batera utzi izana", erreferendumaren bozketa ahalbidetu zuen "antolakuntza iruzurtia eta gezurrezkoa" prestatuta.