Politika -
Katalunia
Torrentek Pablo Llarena epailearen kontrako kereila aurkeztea proposatuko du
Auzitegi Gorenak ukatu egin dio Generalitateko presidentegaiari ostiral honetan egitekoa zen osoko bilkurara joateko baimena eta, ondorioz, Roger Torrentek inbestidura-saioa atzeratzea erabaki du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Jordi Sanchezen inbestidura-saioa atzeratzeko erabakia hartu du, eta ostiral honetako bilkuran, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen kontra prebarikazioagatik kereila bat aurkeztea proposatuko dio Ganberari.
Pablo Llarena epaileak ukatu egin dio Jordi Sanchezi ostiral honetan egitekoa zen inbestidura-ekitaldira joateko baimena eta horren ondotik heldu da Torrenten erabakia.
Kataluniako Parlamentuko presidenteak ohar batean adierazi duenez, Llarena epaileak Jordi Sanchezen "eskubideak urratu" dituela uste du.
Hori dela eta, inbestidura-ekitaldia epemugarik gabe atzeratzea eta biharko Parlamentuko Mahaiaren ez-ohiko bilera deitzea erabaki duela jakinarazi du.
Batzar horretan, Kataluniako Parlamentuak Pablo Llarena epailearen kontra kereila bat aurkez dezala proposatuko du Torrentek, "eskubideak urratzen ari delako".
Jordi Sanchezi kartzelatik ateratzako baimena ukatzeko Llarena epaileak eman dituen argudio nagusiak bi dira: delituak errepikatzeko arrisku handia dagoela eta, Generalitateko presidente izendatuz gero, Espainiako Konstituzioa urra dezakeela. Sanchez Soto del Realeko (Madril) kartzelan dago preso.
Bigarren aldia da Junts per Catalunyak Jordi Sanchez Kataluniako Gobernuko presidentegai aukeratzen duela, aurretik Carles Puigdemont, Jordi Turull eta Sanchez bera presidente izendatzeko saiakerek porrot egin ostean.
Gauzak horrela, hirugarren aldia da Torrentek inbestidura-ekitaldi bat bertan behera uzten duela. Jordi Turullen kasuan, lehen saioko eztabaidan eta bozketan parte hartzeko aukera izan zuen, baina ez zuen babes nahikoa lortu eta bigarren saioa egin aurretik espetxeratu egin zuten.