Politika -
Katalunia
Guardia Zibilak Diplocaten egoitza miatu du
Erreferendumera gonbidatutako nazioarteko begiraleei ustez ordaindutakoa ikertzen dabilen epaileak eman du miatzeko agindua. Bulegoa ostiralean itxiko dute, 155. artikulua aplikatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibila bost ordutik gora aritu da Diplocat Kataluniako Diplomazia Publikoko Kontseiluaren egoitza miatzen, Bartzelonako epaile batek hala aginduta. 2017ko urriaren 1eko erreferendumera gonbidatutako nazioarteko begiraleei Generalitateak ustez egindako ordainketak ikertzen ari da epaitegia, eta horrekin lotuta egin dute operazioa.
Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, agenteak goizean goiz sartu dira Diplocatek Bartzelonako Diagonal etorbidean duen egoitzara, eta 14:30 inguruan atera dira. Miaketa agintzeko Guardia Zibilaren txosten bat eduki du oinarri epaileak. Horren arabera, Kataluniako Gobernuak 119.700 euro ordaindu omen zizkien nazioarteko behatzaileei.
Hain justu, ostiral honetan zarratuko dute Diplocaten bulego hori, Espainiako Gobernuak ezarritako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuta.
Generalitateko Atzerri gaietako Departamentuaren menpe zegoen Diplocat erakundea, alegia, Raul Romeva kargugabetutako eta kartzelatutako kontseilariaren menpe.
Guardia Zibilaren txostena
Guardia Zibilaren txostenaren arabera, Kataluniako Gobernuak The Hague Center for Strategic Studies erakundearekin kontratua sinatu zuen erreferendumaren inguruan aholkularitza jasotzeko.
Ikerlarien esanetan, Diplocatek bi transferentzia egin omen zituen erakunde horren kontura, bata irailaren 21ean eta bestea, urriaren 9an.