Politika -
LOMCE legea
Konstituzionalak errefusatu egin du LOMCE legearen kontra PSOEk jarritako helegitea
Horrenbestez, Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman du, besteak beste, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei diru-laguntza publikoak ematea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE legea) aurka Alderdi Sozialistak 2014ko martxoan jarri zuen helegitea eta, ondorioz, ontzat eman du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei diru-laguntza publikoak ematea.
Konstituzionaleko zortzi magistratuk errekurtsoa osorik atzera botatzearen alde bozkatu dute; lau magistratuk, berriz, boto partikularra aurkeztu dute.
Jose Ignacio Wert PPko Hezkuntza ministro ohiak bultzatu zuen LOMCE lege polemikoa eta PSOEren talde parlamentarioak helegitea aurkeztu zuen, hainbat puntu salatuz, hala nola, ikasleak sexuaren arabera bereiztea, ikastetxeek ikasleak hautatzeko eskumena izatea edota Erlijioa ikasgai alternatibo derrigorrezkoa izatea.
Esan bezala, Auzitegi Konstituzionalak argudio guztiak baztertu ditu. Gaur epaia soilik ezagutarazi dute eta datozen asteetan argitaratuko dituzte ebazpenaren xehetasunak.