Politika -
Giza Eskubideak urratzeagatik
Otegik behin-behineko askatasuna eskatu dio berriro ANri
Otegiren defentsak jakinarazi duenez, askatasuna ukatzea Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko gomendioen aurka doa. Auzitegi Nazionalak datozen egunotan hartuko du eskaerari buruzko erabaki bat.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak behin-behineko askatasuna eskatu dio berriro Auzitegi Nazionalari. ETAko kidea izateagatik prozesatua dago Otegi.
Defentsak Auzitegi Nazionalean aurkeztutako idazki batean azaltzen duenez, "askatasun eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta arrazoi garrantzitsuengatik soilik kendu daiteke".
Idazki horren arabera, Otegi kartzelan mantentzeak Giza Eskubideen Deklarazioa eta Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna urratzen ditu. "Otegiri askatasuna ukatzea Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko gomendioen aurka doa", azaldu du defentsak. Ildo horretan, Espainiak akordio horiek berretsi zituela, eta beraz, bete behar dituela, esan du.
Eskaera urriaren 8an egin zuten, eta aurreko eskaeretan Otegik erabilitako argudioak errepikatu dituzte. Era beran, Otegi ihes egiteko edo justizia oztopatzeko arriskua ez dagoela adierazi du.
Behin-behineko espetxealdia ezin da "aurretiazko zigor" bat bezala erabili, adierazi du defentsak idazkian; ildo horretan, Otegi "urte bat baino gehiago darama kartzelan ", 2009ko urriaren 13an kartzelara sartu zuten.
Era berean, herriko tabernen auzian Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen Karmelo Landa, eta horretarako "Otegiri ezarri ahal zaizkion argudioak" erabili zituztela gogoratu du defentsak.
Otegiren eskaerak Fiskaltzaren eta Dignidad y Justicia eta Terrorismoaren Aurkako Erakundearen aurkako txostenak jaso ditu. Auzitegi Nazionalak datozen egunotan hartuko du eskaerari buruzko erabaki bat.