Politika -
Memoria historikoa
Senatuak Gernikako bonbardaketaren inguruko biltzar bat babestea eragotzi du PPk
PSOEk aurkeztutako mozioaren izaera “partziala” kritikatu du PPk. Alderdi Popularraren ezezkoaren aurrean “minduta” agertu da EAJ.
Agentziak | Erredakzioa
Gernikako bonbardaketaren inguruko nazioarteko biltzar bat bultzatu eta sarraskia ikertzeko historialari batzorde bat sortzea proposatzen zuen ekimen bat aurkeztu du PSOEk, baina Senatuko Justizia Batzordeak mozioa onartzea eragotzi du gaur PPren gehiengo absolutuak. Gainerako talde politikoek ekimena babestu dute.
Hala ere, Alderdi Popularrak oztopatu duen memoria historikoaren inguruko ekimen bakarra ez da izan. Horrela, Camp de la Botako aintzatespena bultzatzeko konpromisoa eskatu dio ERCk Espainiako Gobernuari beste mozio batean. Sant Adria de Besoseko (Bartzelona) txoko horretan 1.700 pertsona fusilatu zituzten Gerra Zibilean. Era berean, ekimena geldiarazi du PPk.
PSOEk Gernikaren inguruan aurkeztutako mozioaren izaera “partziala” kritikatu du Cristina Ayala PPko senatariak. Gerraren aldeetako bati bakarrik erreferentzia egiten diola salatu du Ayalak. Miguel Ramis alderdikidearen hitzetan, ERCko ordezkariak “zekenak” eta “sektarioak” izan dira, Camp de la Botako fusilamenduen harira egindako proposamenagatik.
Nazioarteko biltzarra Gernikan egitea eskatu du Jokin Bildarratz EAJko bozeramaileak. PPren ezezkoaren aurrean “minduta” azaldu da, guztiz justifikaturik dagoen mozioa delako; izan ere, 81 urte geroago, naziek jaurtitako bonben azpian zenbat pertsona hil ziren ez dute zehaztu oraindik.
Ekimena eragozteko “duin azaltzen eta ñabardurak jartzen” saiatu da PP, aurpegiratu duenez. Horrelako proposamen bat babesteko zer arazo duten azaltzeko eskatu die jeltzaleak Alderdi Popularreko ordezkariei.
81 urte geroago, erasoan hildako kopuruaren berririk ez dago, Bildarratzen ahotan, “hori bakarrik ezagutzeak biltzarra egitea justifikatuko luke”.
Miquel Angel Estrade ERCko bozeramaileak gogorarazi duenez, Gernika “basakeriaren” eta zibilen aurkako indarkeriaren “ikur unibertsala” da. Hegazkineria faxistak Bigarren Mundu Gerran praktikan jarriko zituen gerra mota berrien “entsegu” bat izan zen, erantsi duenez.