Politika -

presoak

Sara Majarenas, aske

Donostiako presoa libre geratu da 13 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra osorik beteta. Majarenas indarkeria matxistaren biktima izan zen, senar ohia Izar alaba hiltzen saiatu zen eta.

Majarenas, Izar alabarekin. Argazkia: Etxerat Elkartea
Sara Majarenas eta Izar alaba. Argazkia: Etxerat
Ongi etorria egin diote Sara Majarenasi Intxaurrondon

2:13

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sara Majarenas ETAko presoa aske geratu da gaur, 13 urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra osorik beteta, Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez.

Majarenas indarkeria matxistaren biktima izan zen 2017ko urtarrilaren 15ean, bikotekide ohia Izar alaba hiltzen saiatu baitzen. Izar amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburu batzuetan aitaren etxera joaten zen. Horietako batean gizonak hainbat labankada egin zizkion adingabeari, larri zaurituta.

Eraso matxista gertatu eta hilabete batzuetara Izarrek hiru urte bete zituen, eta ezin zuen jada amarekin kartzelan bizi. Hori horrela, Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak kartzelatik ateratzeko eta Madrilgo harrera etxe batean bizitzeko baimena eman zion Majarenasi, bigarren gradua emanda.

Epaileak ama-alaben "salbuespenezko egoera" eta epaitegiko talde teknikoak egindako txosten bat hartu zituen kontuan erabakia hartzeko. Horrez gain, presoak damua agertzeko eta eragindako mina aitortzeko idatzitako gutuna ere hartu omen zituen aintzat.

 

 

Ordudanik asko izan dira Majarenas aske uztea eskatu dutenak. Senitarteko eta lagunak ez ezik, pertsona ezagunak, alderdiak eta baita erakundeak —Eusko Legebitzarra, tartean— ere.

Bere zigorraren azken urtebetea Madrilgo Padre Garralda-Horizontes Abiertos harrera etxean eman du Majarenasek. Aurrena Izar alaba ondoan zuela, eta irailaz geroztik, bakarrik, adingabea Donostiako ikastola batean ari baita.

Preso donostiarrak oso-osorik bete du ETAko kide izateagatik ezarritako espetxe zigorra: 13 urte eta bi hilabete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Mundu matxista