Politika -
ET-ren ARMAGABETZEA
Etchegaray: 'Bakearen eta elkarbizitzaren apologia izan nahi du eskulturak'
ETAren armagabetzearen lehen urteurrenean, 'Arbolaren Egia' eskultura jarri dute Baionan, 'biktima' eta 'indarkeria' guztiak oroitzeko.
ERREDAKZIOA
ETAk armak utzi zituela urtea bete denean, Baionan 'Arbolaren egia' eskultura inauguratu dute gaur, euskal gatazkari buruzko eskultura, "indarkeria" eta "biktima" guztiak gogoan izan nahi dituena. Koldobika Jauregiren lana da, altzairu eta burdinaz egindako zortzi metroko arbola. Iraulitako aizkora da bere enborra, eta Roland Barthes zelaigunean jarri dute.
'Bakearen artisauek' eta Bake Bidea elkarteak antolaturiko ekitaldian Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea eta Euskal Elkargoaren presidentea, eta Euskal Herria Bilduko ordezkariak izan dira, tartean, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte.
11:00ak jota hasi da ekitaldia, eta, besteak beste, Etchegarayk hartu du hitza. "Armagabetzearen eskulturak bakearen, batasunaren eta elkarbizitzaren apologia izan nahi du", azpimarratu du. Horren hitzetan, "gatazkak eragindako sufrimendu guztia" ekarri nahi dute gogora obra honekin, "gertatukoa ahaztu ez dadin".
Ildo beretik mintzatu da eskulturaren egilea ere, eta biktima guztien mina eta sufrimendua irudikatzea dela obraren helburua ziurtatu du.
Etchegaray, goizeko ekitaldian
Baionako Unibertsitatearen parean jarri dute monolitoa, "iraganeko indarkeria ezin dela errepikatu gogorarazteko belaunaldi berriei", esan du alkateak.
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, gaurko ekitaldiarekin urrats bat gehiago eman da Euskal Herriko bake prozesuan, eta datozen hilabeteotan pauso gehiago emango direla iragarri du.
IRA taldearen armagabetzean egiaztatzaile gisa aritu zen Harold Good apaiz irlandarrak ere hartu du parte goizeko ekitaldian, gonbidatu modura.
Jauregiren eskulturak polemika ere piztu du, eta hainbat herritarrek protesta egin dute inaugurazioa hasi aurretik; ETAk egindako 829 hilketa gogoratu dituzte, eskuan zituzten aterkietan idatzitako mezuen bidez.