Politika -

ARMAGABETZEA

ETA armagabetu zela, urtebete

Urteurrena dela eta, Baionako Udalak ekitaldia antolatu du gaurko. Besteak beste, Koldobika Jauregik egindako eskultura bat jarri dute, armagabetzea oroitzeko.

ETAren armagabetzea. Argazkia: EFE.
ETAren armagabetzea. Argazkia: EFE.
ETAren armagabetzearen urteurrenean, balantzea egiteko unea iritsi da

1:43

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko apirilaren 8an, 09:11n, eman zuten albistea nazioarteko egiaztatzaileek: Ram Mannikalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko koordinatzailea agertu zen prentsaren aurrean, Baionan, eta  bertan ziurtatu zuenez, Frantziako Poliziak "dagoeneko badu ETAren armategien kokapenaren berri".

Baionako udaletxean eskainitako agerraldian, Txetx Etcheverry 'bakearen artisauak', Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Iparraldeko Euskal Elkargoko presidenteak eta Michel Tubiana Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko presidenteak ere hartu zuten parte. Mannikalingamek eman zuen armagabetze prozesuaren xehetasunen berri.

Nazioarteko egiaztatzaileak gogoratu zuenez, Europan geratzen zen talde armatu bakarra armagabetu da eta "demokraziak indarkeriari irabazi dio". Historian "orain arte ezagutu ez den armagabetze eredua" izan dela ere azpimarratu zuen.

120 suzko arma, hiru tona lehergailu eta hainbat kilo munizio eta detonagailu

Hortik aurrera,  Frantziako Polizia esandako zuloetatik armak erretiratzen hasi zen. 180 polizia eta jendarme ibili ziren lanean, lehergailu-teknikariekin batera. Horrez gain, Auzitegiko Poliziaren ''hainbat agente'' eta Barne ministerioko segurtasun zerbitzuak ere bertan izan ziren, Matthias Fekl Frantziako Barne ministroak prentsaurrekoan adierazi zuenez.

Guztira, 120 suzko arma, hiru tona lehergailu eta hainbat kilo munizio eta detonagailu zeuden zortzi biltegitan gordeta, "bakearen artisauak" taldeko kideek jakinarazi zutenaren arabera.

Aipatu biltegiak Akitania eta Okzitania eskualdeetan zeuden. Zehazki, armategi batzuk Araujuzon, Maslacq, Viellenave de Navarrenx eta Senpere (Lapurdi) herrietan zeuden, eta gainerakoak bi herri arteko zenbait gunetan: Etxarri (Zuberoa) eta Espiute herrien artean; Barkoxe (Zuberoa) eta Aramits artean; Audaux eta Castetbon artean, eta Lahontan eta Carresse-Cassaber artean.

172 behatzaile izan ziren ETAk emandako kokalekuetan, Frantziako agintariek armak bildu bitartean

'Bakearen artisauak'

Bakearen artisauen eta gizarte zibilaren ordezkari talde batek itxi zuten  Armagabetzearen Eguna, Baionan apirilaren 8an deituta zuten ekitaldian, oholtzaratu eta hitza hartu eta gero. Bertan, zenbait adierazpen irakurri zituzten, ordura arte egindako bidearen nondik norakoak azalduta eta etorkizunera begira dituzten itxaropenak aurkeztuta.

Mixel Berhokoirigoinek hartu zuen hitza lehenengoz, euskaraz, eta gizartearen birgizarteratzea eta urte askotan aurrez aurre izan diren gizartearen talde batzuen elkarbizitza lantzearen beharra nabarmendu zituen "ikasi behar dugu elkarrekin bizitzen, atzoko etsaia ezin da egungo arerioa izan". "Iraganak banatu bagintu, etorkizunak behar gaitu elkartu", esan zuen.

Baionako ekitaldia ETA desarmea EFE

Baionako ekitaldia. Argazkia: EFE.

Armagabetzeak, "baldintzarik gabeko armagabetzeak, haustura puntu bat markatzen du iragana eta etorkizunaren artean". Berhokoirigoinen esanetan, "armagabetzea bake prozesuaren bihotzean kokatzen da, bereziki ikuspegi aldaketa ahalbidetzen duelako. Ezer ez da berdin izanen, armagabetzeari ekitea estatuko pareta bat apurtzea baita. Ondorioz, armagabetzea berri on bat da, berri on bat bezala hartu beharko lukete guztiek, baita Frantziak eta Espainiak ere. Harrigarria dena da estatuek ez dutela hori horrela ulertu".

Eusko Jaurlaritza

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren esanetan, armagabetze helburua bete eta gero, "lan egiteko baldintza hobeagoan egongo gara". Halere, ohartarazi zuenez, aurrerapauso garrantzitsua bazen ere, horrek "ez du esan nahi dena bukatuta dagoela gaur eta gaur dena hasten dela berriro. Ez, urte batzuetako lana egin da atzetik eta urte batzuetarako lana gelditzen da".

Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean egin zituen adierazpenok Fernandezek, ETAk bere armategien kokalekua bakearen artisauen esku utzi eta hurrengo egunera. Baikor agertu zen,, "armagabetze helburua beteta ikusteak beste eszenatoki batean jartzen gaitu, eta hemendik aurrera lan egiteko baldintza hobeagotan egongo gara."

Horrez gain, ETA lehenbailehen desegin behar dela adierazi zuen, "ez dakit zenbat denboran etorriko den", baina "iraganari lotzen gaitu eta, etorkizunera begiratu nahi badugu, ETA desegin behar da lehenbailehen".

Frantzia

Matthias Fekl Frantziako Barne ministroaren hitzetan, ETAk zortzi armategien kokapena ''modu aldebakarrean''eman izana ''aurrerapauso'' handia izan zen. Ildo horretan, armagabetzea gauzatu eta ordu batzuetara, Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak adierazi zuen armak emateko operazioa ''aro erabakigarria'' izango dela ''indarkeria independentistaren bukaerarantz''.

Cazeneuve pozik azaldu zen operazioa ''lasaitasunez eta indarkeriarik gabe'' burutu delako eta, ohar baten bidez, azaldu du bertan du ''3,5 tona arma, lehergailu eta material'' hartu zituztela.

Azken hilabeteotan Frantziak bederatzi euskal preso gerturatu ditu Euskal Herrira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak Baionako argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa