Politika -

Espainian bigarrenez atxilotua

Aske utzi dute Herve Falciani, estradizioaz ebatzi bitartean

Fiskaltzak baldintzarik gabe kartzelatzea eskatu du aurretik. Defentsak, bestalde, 'habeas corpus'a aplikatu eta aske uztea eskatu du, delitu horrengatik aurretik epaitu dutela argudiatuta.

Falciani, artxiboko argazki batean. Iturria: EFE
Falciani, artxiboko argazki batean. Iturria: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diego de Egea Auzitegi Nazionaleko epaileak Herve Falciani atzo Madrilen atxilotutako informatikoa aske uztea erabaki du, estradizioaz erabaki bat hartu bitartean. Nolanahi ere, badaezpadako neurriak ezarri dizkio.

Aurretik, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Falciani baldintzarik gabe espetxera bidaltzea eskatu du, epaitegitik azaldu dutenez. Hala eskatu du Ministerio Publikoak, Falciani Diego de Egea Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eraman dutenean.

Bestalde, Herve Falcianiren defentsak 'habeas corpus'a aplikatzea eta berehala aske uztea eskatu dio Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileari, "atxiloketa ilegala" dela argudiatuta, pertsona bat ezin dutelako "bi aldiz epaitu, delitu beragatik".

ILOCAD bulegoaren (Baltasar Garzon da horren zuzendaria) ustean, oraingoan 2013an atxilotu eta ondoren aske uzteko oinarritu ziren arrazoian oinarritu dira oraingoan ere.

Hori dela eta, "jurisprudentzia espainiarra betetzen ez duen atxiloketa da" eta pertsona bat delitu beragatik ezin dutela epaitu dioen araua urratu dute, abokatuaren arabera.

Falciani 2012ko uztailean atxilotu zuten Bartzelonako Portuan, 180 herrialdetako herritarren 130.000 kontu-korronteei buruzko datuak filtratzeagatik. Informazio hori guztia HSBC bankuak Genevan duen sukurtsalean lanean aritu zenean eskuratu zuen, 1997eko otsaila eta 2007ko abendua bitartean.

2013ko maiatzean, baina, Auzitegi Nazionalak Falciani Suitzaren esku uztea baztertu zuen, hark emandako informazioari esker "legez kanpokoa izan zitezkeen jardueren berri" izan zutelako eta horrelako iruzurrak inolaz ere ezin daitezkeelako babestu.

Falciani Zerrendari esker, Espainiako Zerga Agentziak 659 iruzurgileren izenak argitaratu zituen, 300 milioi euro erregularizatuz.

Falcianiren abokatuak bere bezeroa trukerako txanpona ez izatea espero du

Manuel Olle Herve Falcianiren abokatuak bere bezeroa Marta Rovira (ERC) edota Anna Gabrielen (CUP) trukerako txanpon ez izatea espero duela esan dio Diego de Egea Auzitegi Nazionaleko epaileari. Rovira zein Gabriel Suitzara erbesteratu ziren.

"Informatzea egokitu zaidanean lehendabizi argumentu juridikoak aurkeztu ditut eta gero esan diot ez dudala pentsatu nahi trukerako txanpon izango denik", adierazi du Ollek kazetarien aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Munduko albisteak 2024 Delituak albisteak