Politika -
Elkarrizketa ETBn
'Biktima guztiak' hartuko dituen txostena osatzen ari da Jaurlaritza
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak zehaztu du testu hori Legebiltzarrean aurkeztuko dutela eta "giza eskubideen urraketen biktima guztiak" egongo direla.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak iragarri du "giza eskubideen urraketen biktima guztiak" barne hartuko dituen txosten bat osatzen ari dela Eusko Jaurlaritza zenbait biktimak egindako aldarrikapenei erantzute aldera.
ETB-2ko ''Egunon Euskadi'' saioan Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, testu berri horretan ez dituzte "biktima batzuk eta besteak maila berean jarriko" eta "gatazkaren teoria desegingo" dute.
ETAk hildako bi ertzainen alargunek ezker abertzaleak antolatuta Santi Brourdi eta Josu Muguruzari egindako omenaldian parte hartu izana dela eta, Aresek esan du "errespetu handia" diela "biktimen erabakiei", beraz, ez dituela "baloratuko". Era berean, "giza eskubideen urraketen biktima guztiek Eusko Jaurlaritzaren babes eta errespetu osoa" dutela azpimarratu du.
Horren harira, "koherentzia" eskatu dio Aralarri, alargunek omenaldian parte hartzea "oso keinu garrantzitsua" izan zela esan zuelako, baina "erakundeek adostutako Memoriaren Eguneko ekitaldietan ez zuten parte hartu".
Aurore Martinen espainiaratzea
Bestalde, Herrizaingo sailburuak begi onez jo ikusi du Paueko Auzitegiak Aurore Martin Batasuneko kidea espainiaratzea onartu izana, izan ere, "Frantziak terrorismoaren eta hura babesten dutenen kontra ematen ematen digun laguntzaren erakusgarri da".
LAB
LAB sindikatuak ETAri indarkeria uzteko egin dion eskariari buruz galdetuta, Aresek esan du "bide ona" dela sindikatu abertzaleak hartu duena, baina "indarkeriazko ekintza guztien aurrean ahotsa altxatzea" eskatu dio.