Politika -

DOKUMENTAZIOA

Aberri Egunaren jatorria eta ospakizuna, gaur arte

Bilbon ospatu zen lehen aldiz 1932an. Debekatu egin zuten frankismo garaian eta ezkutuan ospatzen hasi ziren berriz 1964an. 1979koa izan zen alderdi abertzaleek batera egin zuten azkena.

Milaka lagun Bilboko Kale Nagusian, 1932ko lehen Aberri Egunean.
Milaka lagun Bilboko Kale Nagusian, 1932ko lehen Aberri Egunean.
Milaka lagun Bilboko Kale Nagusian, 1932ko lehen Aberri Egunean.

E.J. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten 1931ko apirilaren 14ean eta euskal abertzaletasunak garaiko pentsamendu askeagoa probestu nahi izan zuen kataluniarrek eta galiziarrek jada bazuten nazio mailako eguna izateko. "Diada", izan ere, 1889tik ospatzen da eta "Dia da Patria Galega" 1919tik.

Hala, 1932ko martxoaren 27an lehen Aberri Eguna antolatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak Bilbon, Berpizkunde Igandean. 60.000 lagunek manifestazio egin zuten Lopez de Haro Kale Nagusitik Sabino Aranaren jaiotetxeraino. Urtebete lehenago, 1931an, berritua izan zen EAJren egoitza izateko eta Sabin Etxea izena jarri zioten.

Hurrengo urtean, 1933an, Donostian egin zuten ospakizuna eta Jose Antonio Agirre lehendakariak eta Telesforo Monzonek hitz egin zuten. 1934ean Gasteizen ospatu zen eta 1935ean Iruñean, baina izena aldatu behar izan zioten eta "Euzko Eguna" deitu, ospatu ahal izateko, Gobernuak eta Nafarroako eskuinak ez baitzuten egiten utzi nahi.

JOSE ANTONIO AGIRRE LEKUBE SPEECH IN BASQUE NATIONALISM MEETING, 1933

Jose Antonio Agirre 33ko Aberri Egunean hizketan Donostian (By FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN -www.guregipuzkoa.net/photo/1023909, CC BY-SA 3.0)

36ko altxamendu militarraren ostean, Aberri Eguna debekatu egin zuten eta  Ipar Euskal Herrian nahiz kanpoan, euskal diaspora bizi zen tokietan bakarrik ospatu ahal izan zuten publikoki (Ameriketan, Parisen...).

1964ra arte itxaro behar izan zen berriz ere Hegoaldean ospatu ahal izateko, modu ezkutuan  bazen ere. Hala, erbestean zen Eusko Jaurlaritzak Gernikan deitu zuen Aberri Eguna, martxoaren 29an.  25.000 lagun bildu ziren eta Poliziak jendetza hori Gernikara iristea oztopatu nahi izan bazuen ere, ez zuten lortu. Poliziaren jazarpena ohiko bihurtu zen hurrengo urteetako Aberri Egunetan (1965ean Bergaran, 1966ean Gasteizen Jaurlaritzak deituta eta Irunen ETAk deituta, 1967an Iruñean, 1968an Donostian…)

60 MINUTOS ABERRI EGUNA ORIGINAL IMAGEN GERNIKA 1964

1964ko Aberri Eguneran irudia, Gernikan. 2014ko "Aberri Eguna: Gernika 50 años" dokumentaletik hartutako argazkia.

Diktaduraren amaieran eta Trantsizioaren hasieran, alderdi abertzale guztiek eta abertzaleak izan ez arren, ezkerrekoak ziren alderdi guztiek ospatu zuten Aberri Eguna, 1975ean Gernikan, adibidez. Urten hartan ere atxiloketak egin zituen oraindik Poliziak.

Aberri Egunaren ospakizuna ez zen normaldu Franco hil zen arte. 1978ko martxoaren 27an Aberri Egun historikoa ospatu zen. Euskal Herriko 18 indar politikok deialdi bateratua egin zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako eta 400.000 pertsona bildu ziren hainbat iturriren arabera (beste batzuk ondoko zifrak ematen dituzte: 100.000 lagun Bilbon, 70.000 Donostian, 40.000 Iruñean eta 20.000 Gasteizen). "Nafarroarentzat, Arabarentzat, Gipuzkoarentzat eta Bizkaiarentzat Autonomia Estatutua" eskatu zuten guztiek aho batez, "Euskal Herriko bizitza politikoaren normalizaziorako ezinbesteko tresna gisa".

1979an, Aberri Eguna ospatzeari uztea erabaki zuen PSE-PSOEk

Alabaina, hurrengo urtean errepikatuko zen azken aldiz batasun argazki hori. 1979an Bilbon Aberri Eguna elkarrekin ospatu ostean, PSE-PSOEk egun hau ospatzeari uztea erabaki zuen, eta hurrengo urtetik aurrera, alderdi abertzaleak banatuta ospatzen hasi ziren.

EAJk Bilbon ospatu izan du azken urteotan Aberri Eguna, eta Independentistak sare herritarrak, berriz, Iruñean 2012tik. Deialdi horrekin bat egin izan dute Sortuk, EAk, Aralarrek (desegin arte), Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak.

Podemos Euskadi 2016ean hasi zen Aberri Eguna ospatzen. Donostian lehen urte hartan eta Bilbon geroztik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Aberri Eguna Gernika-Lumo bideoak Albisteak Gaur Frankismoari buruzko albisteak Jaiak Euskal Herrian Historia albisteak gaur