Politika -

Aberri Eguna

Ortuzar: 'Daukaguna bermatu nahi dugu, daukagunarekin aurrera egiteko'

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak alderdiak Aberri Egunari begira egindako dokumentuaz hitz egin du Bizkargi mendian.

Andoni Ortuzar, Bizkargi mendian. EiTB
Andoni Ortuzar, Bizkargi mendian. EiTB
Ortuzar: 'Daukaguna bermatu nahi dugu, eta horrekin aurrera egin'

0:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur adierazi duenez, "Euskadin daukaguna bermatu nahi dugu, daukagunarekin aurrera egiteko".

Buruzagi jeltzaleak EAJk Aberri Egunerako egindako dokumentuaz hitz egin du. "Europan aitortua izateko aukeraren zain" dagoela Euskadi dio txostenak, "aho batez estatus berri baten onarpena" bilatzeaz gain. Izan ere, estatu espainiarraren egoerak "okerrera egin dezake desegonkortasun parlamentarioak aurrera egiten badu", eta horrek "hauteskundeak aurreratu" ditzake. Beraz, "lortutakoa babestu eta berriz aurrera egitera" deitu du, "eusteak garaipena" ekar lezakeelako.

Bizkargi mendira igo da gaur goizean Ortuzar, euskal herritar guztiei bihar Aberri Eguna ospa dezaten eskatzeko. EAJko 300 bat afiliatuk eta jarraitzailek lagunduta,  Guda Zibilean hildako gudarien omenezko elizkizun labur batean hartu du parte. Ondoren, ikurrina jaso dute 'Gora ta gora' abestiaren doinuarekin, eta jarraian, hamaiketakoa egin dute.

Hedabideei adierazi dienez, "egoera zaila da nazioartean, baita estatu espainiarrean ere, arlo politikoak, ekonomikoan eta sozialean".

Hori dela eta, "dei berezia" egin du aurten Aberri Egunarekin bat egiteko, "euskal nortasuna eta eraikuntza nazionala aldarrikatzeko". Euskal gizartearen etorkizuna eta Euskadiren eraikuntza nazionala oso lotuta egongo direla ere aipatu  du.

"Zailtasunak zailtasun, nahiko ondo goaz", esan du, Euskal Autonomia Erkidegoan autogobernuaren txostena "etorkizuneko autogobernuaren oinarriak finkatzen ari delako dagoeneko". Nafarroan, berriz, "aldaketaren gobernua sendotzen" ari dela berretsi du, eta "Iparralden soilik euskalduna den erakunde bat dugu historian lehen aldiz".

"Une zailak"

EAJk Aberri Egunerako egindako oharrean erabilitako "eutsi" kontzeptuak zer esan nahi duen galdetuta, "arlo politikoan eta ekonomikoan oso garai konplexua eta zaila" dela azpimarratu du buruzagi jeltzaleak. Horrenbestez, "gurea babestuta, daukaguna bermatuta, aurrera egiteko oinarri onenak" jartzen ari direla nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Andoni Ortuzar Aberri eguna bideoak Eguneko albisteak