Politika -
Presoen aldeko manifestazioa
UGTk, CCOOk, Omniumek eta ANCk manifestazioa egingo dute Bartzelonan apirilaren 15ean
Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak espetxean sei hilabete beteko dituzten egunean egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako CCOO eta UGT sindikatuek, Omnium Culturalek eta ANCk presoen aldeko manifestazioa egingo dute datorren apirilaren 15ean, Espai Democracia i Convivencia plataformaren aurkezpenean astearte honetan jakitera eman dutenez.
Javier Pacheco (CCOO) eta Camil Ros (UGT) idazkari nagusiek, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak eta Josep Cruanyes ANCko presidenteordeak mobilizazioa babestu dute, eta Kataluniako gizarteari zabaldu diote.
Manifestazioa 11:00etan hasiko da, Bartzelonako Gracia pasealekuan, eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak espetxean sei hilabete beteko dituzten egunean bertan egingo dute.
Egungo eskubideen "urraketa" ikusita, Espai Democracia i Convivencia plataformak Kataluniako etorkizunaren, bere erakundeen eta gizartearen, zein herritarren oinarrizko eskubideen inguruan erabakitzeko eskubidearen harira erantzun plurala eta bateratua bultzatu nahi du.
Era berean, arazo politikoei "erantzun politikoa eta ez zapaltzailea" emateko eskatzen du plataforma horrek. Horretarako, elkarrizketarako bideak bilatu behar direla aldarrikatzen du, eta ildo horretan, gizarteari modu baketsuan baina irmo erantzuteko dei egiten dio.