Politika -

Katalunia

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak onartu du Puigdemonten salaketa

Espainiak sei hilabeteko epea du orain auziaren inguruko informazioa emateko.

Puigdemont, Helsinkin egindako argazki batean. EFE
Puigdemont, Helsinkin egindako argazki batean. EFE
Puigdemont, Helsinkin egindako argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuak bere eskubide politikoak urratu dituela iritzita, Carles Puigdemont presidenteak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordearen aurrean aurkeztutako salaketa tramitera onartu du erakundeak.

Batzordeak atzo, Puigdemont Alemaniako epaileen aurrean zegoela, onartu zuen demanda.

Aurretik ere tankerako erabakia hartu zuen NBEren Batzordeak, Jordi Sanchez presidentegai izandakoak aurkeztutako beste salaketa baten harira. Orduko hartan, izapidetzea onartzeaz gain, Sanchezen eskubide politikoak bermatu behar zituela ohartarazi zion Espainiari.

Oraingoan, ordea, ez du kautelazko neurririk hartu, baina presidenteari galdegin dio "zer nolako neurriak" eskatu nahiko lituzkeen.

Puigdemonten argudioak

Martxoaren 1ean aurkeztu zuen salaketa Puigdemontek, eta hilabetea bete baino lehen onartu du Batzordeak. Dena dela, ebazpenak luzeago joko du, Espainiari berari sei hilabeteko epea eman baitzaio erantzuteko.

Presidenteak aurkeztutako idatziaren arabera, Espainiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Eskubide Zibil eta Politikoen Gutuna urratu ditu. Tratatu horien arabera, hauteskundeetara aurkezteko eskubidea du Puigdemontek, "Kataluniaren independentzia lortzeko helburuarekin beste alderdi politiko subiranistekin batera aritzeko eta horiei elkartzeko askatasuna" baitu, eta Kataluniako independentzia babesteko eskubidea ere badu, adierazpen askatasunari jarraiki.

Puigdemonten aburuz, "Espainiako Erresumak behin eta berriz urratu ditu eskubide horiek guztiak". Izan ere, Parlamentuaren gehiengoak presidente izendatu zuen, baina Espainiako agintariek izendatzea oztopatu zuten.

Horren aurrean, hautua egin behar izan du: "Kataluniara bueltatu eta arbitrarioki atxilotua izatea, erbestean presidente izaten jarraitzea edota beste hautagai bati presidente izateko aukera ematea".

NBEren Giza Eskubideen Batzordea 18 aditu independenteek osatzen dute. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna betetzen ari ote den egiaztatzea da euren zeregina.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia NBE argazkiak Pere Aragonès argazkiak Giza eskubideak gaur