Politika -

Igandea, apirilak 1

Aldarrikapen sozialak izango dira Podemos Euskadiren Aberri Egunaren ardatz

Ekitaldi politikoa egingo du Bilbon subiranotasuna gizarte klabean aldarrikatzeko. Podemosen ustez, 'EAJ euskal subiranotasunaren kontra ari da maleta ustelen jabeekin akordioak lortuta'.

Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkaria, prentsaurrekoan. Argazkia: Podemos Euskadi
Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkaria. Argazkia: Podemos Euskadi
Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkaria, prentsaurrekoan. Argazkia: Podemos Euskadi

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadik Aberri Eguna ospatuko du igandean, apirilaren 1ean, "aldarrikapen sozialak" ardatz izango dituen ekitaldi politiko batekin.

"Gure eskubideen jabe! Eskubide sozialek herrialdea eraikitzen dute" lelopean, ezkerreko alderdiak hitzaldia antolatu du La Morada egoitzan (11:30ean), Bilbon,  Lander Martinez alderdiko idazkari nagusia bertan dela.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkariak azaldu duenez, "Aberri Egunak tradizionalki izan duen esparru eta eztabaida zabaldu" nahi izan dute "euskal gizarteak duen aniztasuna" kontuan hartuta. Aurten "gizarte alorra" lehenetsi nahi izan dute mezu eta aldarrikapenetan, Larrearen hitzetan.

Larreak "mugimendu feministaren, pentsiodunen, ekologisten eta euskal gazteen eskakizunak" aipatu ditu, eta "subiranotasunen alde apustu egiteko eta martxan jartzeko ordua" dela azpimarratu du.

Kritikak EAJri

"Euskadin erretiro-pentsioen arazo jorratzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko, krisian dauden enpresa industrialen arazoa konpontzeko subiranotasun handiagoa behar dugula" esango du Aberri Egunean EAJk, Andeka Larrearen ustez.

"Baina guk, jada dauden arazoei aurre egiteko EAJk subiranotasun hori nola erabiltzen duen azalduko dugu. Esaterako, berdintasunerako aurrekontua murrizten du; diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreforma atzeragarria egin du; edo, krisian dauden industria enpresei babesik ez die ematen", esan du.

Larrearen hitzetan, "Aberri Egunean subiranotasunaz berba egitea pentsiodunen, atzerrira lan bila joan behar izan diren gazteen edo egunero matxismoaren aurka borrokatu behar duten emakumeen inguruan hitz egitea da".

"Aberri Egunaz hitz egitean, PPk eta EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorrak sinatzean kanpo uzten dituzten pertsona guztiez hitz egitea da; izan ere, ustelkeria aurrera eramateko gutun-azalak eta maletak erabili dituzten politikariekin akordioetara heltzea euskal subiranotasunaren kontra joatea da, baita EAEko pentsiodunen kontra ere", esan du.

Larrearen esanetan, "subiranotasuna ez dago etorkizun idiliko batean oinarritua, ez du estatu independente baten beharrik"; horren ordez, "demokrazian sakontzea" eskatzen du "egungo eskumenak eta subiranotasuna erabilita". Hortaz, "borondate politiko kontua" dela ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo albisteak Euskal aberriaren eguna Podemos Ahal Dugu Euskadi Sumar Mugimenduaren diputatua