Politika -
Katalunia
Rovirak, Forcadellek eta Bassak Parlamentuko eserlekua utzi dute
Hiru parlamentari ohiek Auzitegi Gorenean deklaratuko dute ostiral honetan eta "xantaia judizialari aurre egiteko" erabaki dute kargua uztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Dolors Bassa kontseilari ohiak ERCko parlamentari karguari uko egitea erabaki dute, ostiral honetan Auzitegi Gorenean auzipetuta daudela jakinaraziko dietelako eta haien kontrako kautelazko neurriak har ditzaketelako.
Jordi Turullen inbestidura saioa amaitu ostean, ERCk zuzendaritza bilera egin zuen eta orduan eman zuten erabakiaren berri.
Assumpcio (Titon) Laïllak, Chakir El Homranik eta Magda Casamitjanak hartuko dituzte Rovirak, Forcadellek eta Bassak utzitako eserlekuak aurrerantzean.
ERCk ohar bidez zabaldu zuenez, hau guztia "Estatu espainiarrak Kataluniako Parlamentuaren jarduera baldintzatzeko enegarren saiakeraren ondorio da".
"Pablo Llarena epaileak zuzentzen duen independentismoaren kontrako auziaren baitan ostiral honetan Auzitegi Gorenean izango diren zitazioak demokrazia bahitzeko asmoaren beste adibide bat gehiago da", salatu zuen.
ERCko hiru diputatu ohiek adierazi zuten beren egoera pertsonalak "Kataluniako Parlamentuko egunerokoan eraginik izan ez dezan eta epaile batek Kataluniako herritarren borondate demokratikoari xantaiarik egin ez diezaion" hartu dutela kargua uzteko erabakia.