Politika -
Polizia operazioa
Presoen harrerak arbuiatu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Sorturi
EH Bilduk gogor kritikatu ditu Josu Erkorekaren adierazpenak eta jarrera horrekin Eusko Jaurlaritzak atxiloketei "alfonbra gorria" jarri diela erantsi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak presoei harrera egiteko ekitaldi publikoak arbuiatu ditzala eskatu dio ezker abertzaleari, "onartezinak direlako eta biktimak berriro mintzea eragiten dutelako".
Gainera, Guardia Zibilak gaur egindako operazioak ETAren desegitean eraginik izan behar ez duela esan du. Areago, ETAri "aldebakarrez, modu eraginkorrean eta betirako" desagertzeko exijitu dio.
Bestalde, Guardia Zibilak Ertzaintzari atxiloketak egiteko asmoaren berri eman ez izana kritikatu du.
Guardia Zibilak Antto Lopez Ruiz 'Kubati' preso ohia, Miren Zabaleta Sorturen buruzagia, Oihana Garmendia Kalera Kalera ekimeneko bozeramailea eta Olatz Dañobeitia atxilotu ditu, Belen Gonzalez Peñalvari egindako omenaldian terrorismoa goratzea leporatuta.
EH Bilduk, berriz, gogor kritikatu ditu Josu Ekorekaren hitzak eta jarrera horrekin Eusko Jaurlaritzak atxiloketei "alfonbra gorria" jarri diela erantsi du.
Agiri batean, Julen Arzuaga legebiltzarkideak esan du Erkorekak ez duela egoerak eskatzen duen maila eman, "Guardia Zibilak operazioari buruz ezer jakinarazi ez diola soilik kezkatzen baitio".
"Zer esan nahi du horrekin? Aurretik Guardia Zibilaren informazioa izan balu ez lukeela kontrako ezer esateko? Gobernu baten bozeramaileari eskatzen zaion mailarik ez du eman Ekorekak, nahiago izan du eskubide urraketa baten aurrean isilik geratzea eta isiltasun horrek gaurkoak bezalako atxiloketa gehiago egotea elikatzen du; iraganekoa izan beharko luketen argazkiei normaltasuna eman diote", salatu du.
EH Bilduko parlamentariak uste du Guardia Zibilaren operazioa Alderdi Popularraren estrategia baten ondorio dela eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek estrategia horretan PPrekin bat egin dutela kritikatu du.