Politika -
Polizia operazioa
Lau atxilotu Belen Gonzalez Peñalvaren omenaldian terrorismoa goratzea egotzita
Oihana Garmendia Kalera Kalerako bozeramailea, Antton Lopez preso ohia, Miren Zabaleta Sortuk Nafarroan duen koordinatzaile politikoa eta Olatz Dañobeitia dira atxilo hartutakoak.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu gaur, Belen Gonzalez Peñalva hildako ETAko kidearen omenaldian terrorismoa goratzea egotzita.
Terrorismoaren kontrako borrokan ari diren taldeek jakinarazi dutenez, honako hauek dira atxilo hartutakoak: Oihana Garmendia Kalera Kalera dinamikako eleduna, Antton Lopez Ruiz preso ohia, Miren Zabaleta Sortuk Nafarroan duen koordinatzaile politikoa eta Olatz Dañobeitia.
Garmendia Gernika-Lumon (Bizkaia) atxilotu dute. Zazpi hilabeteko haurdun dago, eta ginekologora zihoan atzeman dutenean. Antton Lopez Zarautzen hartu dute atxilo; Zabaleta, Iruñean eta Dañobeitia, Bilbon. Laurak Guardia Zibilak Donostian (Intxaurrondo auzoan) duen kuartelera eraman dituzte.
Operazioa zabalik dago, eta baliteke Guardia Zibilak atxiloketa gehiago egitea.
Omenaldia duela lau hilabete egin zuten
Ezker abertzaleak antolatuta, 2017ko azaroaren 18an egin zioten omenaldia Gonzalez Peñalvari, Lazkaon. Bertan izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Pernando Barrena Sortuko kidea edota Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi izandakoa.
Antton Lopez eta Miren Zabaleta, Gonzalez Peñalvaren omenaldian. EiTB
AVTk ekitaldia debekatzea eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina epaileak baztertu egin zuen. Gerora, Covitek salaketa aurkeztu zuten auzitegi berean. Fiskaltzak auzia artxibatzearen alde egin zuen.
Erreakzioak
Atxiloketek erreakzio soka luzea ekarri dute. Besteak beste, Sortuk, EH Bilduk eta Jaurlaritzak hitz egin dute operazioaren inguruan. Ezker abertzaleak atxiloketok salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Sortuk arratsalderako Euskal Herriko herri eta auzoetan, "Bakearen eta askatasunaren alde" lelopean.