Politika -

'De Miguel auzia'

Kontabilitate guztiaz Alfredo de Miguel arduratzen zela esan du lekuko batek

Ustelkeria egotzita Arabako EAJko buruzagi ohien kontrako epaiketak aurrera jarraitzen du. Astelehen honetako saioan lekuek deklaratu dute.

Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel EAJko kide ohiak akusatuen aulkian. Argazkia: EiTB
Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel EAJko kide ohiak akusatuen aulkian. Argazkia: EiTB
Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel EAJko kide ohiak akusatuen aulkian. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Perez Eskalmelo enpresako administratzaileak esan du sozietate horretako kontabilitate guztiaz Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia arduratzen zela; "nik zenbat eta gutxiago jakin, hobeto", erantsi du epailearen aurrean.

Ustelkeria egotzita Arabako EAJko buruzagi ohien kontrako epaiketak aurrera jarraitzen du. Guztira, 26 auzipetu daude eta gaurko saioan lekuek deklaratu dute.

De Miguelek zuzentzen zuen balizko ustelkeria sareak legez kanpoko komisioak kobratzeko erabiltzen zuen Eskalmelo konpainia eta gaur sozietate horretako administratzaileak deklaratu du, lekuko moduan.

Stoa enpresaren eta Arabako Teknologia Parkearen arteko kontratuari lotutako galderak egin dizkiote.

Josu Izaguirre Arabako fiskalburuaren arabera, Sergi Fernandez Oleagak (Stoa konpainiako administratzailea eta kasu honetan auzipetua) De Migueli esker lortu zuen kontratu hori, eta horretarako 3.570 euro ordaindu zizkion Kataia Consulting enpresari, Eskalmelo sozietatearen bidez.

Eduardo Perezek azaldu duenez, Eskalmelo 2006ko abuztuan sortu zuen De Miguelekin batera, Arabako Errioxan lursailak erosi eta eguzki-plakak jartzeko asmoz. Kontabilitateari lotutako guztiaz hasieratik De Miguel arduratu zelan zehaztu du, baita lursail haiek erosteaz ere.

Eskalmelo ez zen inoiz Gizarte Segurantzan alta emanda egon eta ez zuen langilerik izan. Hala ere, fiskalaren arabera, Kataia Consulting enpresari hainbat ordainketa egin zizkion, batez ere 2008an.

Nolanahi ere, Stoak Eskalmelori 2009ko urtarrilean egindako 3.570 euroko ordainketa berak Sergio Fernandez Oleagarentzat egindako lan baten ondorio izan zela ziurtatu du. Perezen esanetan, estolderia egiteko enkargua eman zion Fernandezek.

Fiskalaren arabera, berriz, egun batzuk lehenago Arabako Teknologia Parkearekin lortutako kontratuagatik Sergio Fernandezek Alfredo de Migueli ordaindutako legez kanpoko komisioaren zenbatekoa da hori.

Bestalde, gaurko saioan Beatriz Vicinayk (Ainhoa Alberdiren bazkidea) ere deklaratu du lekuko moduan.

Ainhoa Alberdik eta Sergio Fernandezek egin zuten bileran egon zen Vicinay, eta joan den astean Alberdik epailearen aurrean esandakoa berretsi du: De Miguelek eskatutako komisioa ordaintzeari uko egin ostean, EAJko buruzagi ohiak Alberdi-Vicinay sozietatea Stoak Arabako Teknologia Parkearekin lortu zuen kontratutik kanpo uztea agindu zuela eta Fernandezi azalpenak eskatu zizkiotela, baina Fernandez luzamendutan ibili zela.

Epaiketaren hurrengo saioa bihar egingo dute. Perituen txanda izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Ustezko ustelkeria politikoa De Miguel auziari buruzko azken ordukoa