Politika -

Akordioa

Epe laburrean presoen hurbilketari buruzko akordioa lortzea espero du Foro Sozialak

Agus Hernan Foroko arduradunaren esanetan, ituna beharrezkoa izango da espetxe politika 'garai berrira' egokitu dadin eskatzeko.

Agus Hernan, Foro Sozialeko arduraduna. EiTB
Agus Hernan, Foro Sozialeko arduraduna. EiTB
Presoen hurbilketari buruzko akordioa laster lotzea espero du Foro Sozialak

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren arduradunak gaur Radio Euskadin adierazi duenez, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiek eta sindikatu guztiek adostutako ituna espero dute presoen hurbilketaren inguruan, kartzela-politika "garai berrira" egokitu dadin eskatzeko.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan Hernanek defendatu duenez, elkarbizitza eraikitzeko prozesuan biktimek "toki nuklearra" izan behar dute. Horrez gain, gizarte eta politika mailako akordio baterantz aurrera egiteko beharra nabarmendu du, planteamendu barneratzailea eginez, biktimarik "baztertu" gabe eta biktimek "justizia, egia eta erreparazioa" izateko duten eskubidea kontuan izanik. Era berean, biktima guztiei entzun behar zaiela defendatu du, antolatuta daudenei eta ez daudenei.

Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariak ez du uste biktimek "mendekurik edo errebantxarik" nahi dutenik. Ondoren, "agertoki politikoa guztiz aldatu dela" azpimarratu du, eta "ETAren desmobilizazioa lortzeko bidean" gaudela, "ikasturte politikoa amaitu baino lehen iritsiko baita, hilabete edo aste gutxi barru".

Hernanen aburuz, egungo egoera politikoaren ondorioz, alderdi politikoek, gizarte zibileko antolakuntzek eta gobernuek "eztabaida horri" heldu behar diote "lasai, orain arte alde bakoitzak bere hildakoak defendatuz soilik egin dutelako eztabaida".

Akordioa

Bestalde, gaixo dauden presoen edo espetxe-eskumenaren transferentziaren inguruko adostasunak nabarmendu ditu Agus Hernanen. Biktimei buruzko akordioez gain, Nafarroan presoen hurbilketaren inguruan egindako ituna aipatu du, "datozen asteotan EAEn ere lortuko dena".

Eusko Legebiltzarreko gehiengoarekin (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE) eta sindikatu guztiekin lanean ari dela azaldu du Foro Sozialeko bozeramaileak, presoen hurbilketari buruzko hitzarmena adosteko. Gaixo dauden presoen inguruan iaz egin zutenaren antzekoa izango dela argitu du.

Lantzen ari diren adierazpenak kartzela-politika "egungo garaira" egokitzeko "borondate garbia" bilduko duela esan du Hernanek. Datozen asteotan berretsiko dela aurreratu du, urruntze politika baztertuta, "gaur egun ez baitu inolako zentzurik", eta are gutxiago presoen kolektiboak kartzela politikak eskaintzen dituen aukeretara egokitzeko hartutako erabakia aintzat hartuta.

Biktimen mesfidantzaren bat espero ote duten galdetuta, "biktima bakoitzak norbere mina ahal duen moduan kudeatzea zilegi" dela erantzun du, "mina oso pertsonala" baita. Dena den, Foro Sozialak egiaztatu duenez, "biktima gehienak ez daude mendekuaren eskeman, elkarbizitzaren eraikuntzan, baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Gaurko azken orduko albistea Adiskidetzea Euskadin