Politika -
Herritarren Segurtasun Legea
Mozal Legea indargabetzearen aldeko elkarretaratzea egin dute Iruñean ere
Lege horren hirugarren urteurrena beteko denean, elkarte sozial ugarik mobilizazioak deitu dituzte Estatu osoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mozal Legea izenarekin ezagutzen den Herritarren Segurtasun Legea indargabetzea eskatzeko Estatu mailan larunbat honetan izan diren elkarretaratzeekin bat egin dute Iruñean ere. 100 bat lagun bildu dira Nafarroako hiriburuan, Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzatik gertu, "Mozal Legeari Ez" leloa zuen pankartarekin.
Gizarte eta ingurugiro gaiekin lotutako hainbat elkartek deituta, "Ez Gara Delitu" lemapean manifestatu dira Iruñean. Lege horren hirugarren urteurrena beteko denean, horren aurka egiteko mobilizazioak deitu dituzte Estatu osoan.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan Iñaki Larrañeta Greenpeaceko Nafarroako bozeramaileak esan duenez, Mozal Lege "bidegabea" indargabetu behar dute, "guztiongan eta alor guztietan eragina baitu".
Larrañetak adierazi duenez, legea indargabetzearen aldeko joera dago Diputatuen Kongresuan, baina atzeratzen ari da, eta "ezin dugu horrela jarraitu, behin betikoz baliogabetu behar dute", gaineratu du. Salatu duenez, "salaketa-ekintza bakeak egiten dituzten erakundeen aurka jotzeko" legea da, eta "eskubide konstituzionala den herri-protesta baketsuaren aurka doa".