Politika -
Geroa Bai
Uxue Barkosek pentsioen eskumena aldarrikatu du Nafarroarako
Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, foru erkidegoak kudeatu nahi ditu nafarren pentsioak. Horrez gain, Gobernuko lau alderdiek elkarrekin lan egiteko duten gaitasuna goraipatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak foru erkidegoaren pentsioen konpetentzia aldarrikatu du gaur emandako hitzaldi batean. Halaber, Gobernuko lau alderdiek elkarrekin lan egiteko duten gaitasuna goraipatzeaz gain, aldaketaren alde erakutsitako "leialtasuna" azpimarratu du; izan ere, huts egiten ikusi nahi zituztenen "porrot handienetakoa" izan da.
"Nafarroak nafarren pentsioak kudeatu nahi ditu, foru erkidegoko pentsioen konpetentzia nahi du", esan du Barkosek gaur goizean, pentsioen sistema publikoaren alde mobilizazio ugari deituta dauden egun berean, Geroa Bai koalizioaren Batzorde Orokorrean. Txaloz hartu dute Barkosen eskaria.
Koalizioko kargu publikoak, afiliatuak eta jarraitzaileak izan dira organo politiko nagusiaren bileran. Legegintzaldi honen garrantzia nabarmendu du Barkosek, "beste gizarte eredu bat" eraikitzeaz gain, orain arte ezarrita zeuden hainbat "mito" hautsi direlako: "UPNko kudeatzeaile onarena", besteak beste, "lokatzezko hankak zituen mitoa" zela agerian geratu baita.
"Aldaketa sakoneko prozesu" horretan, Nafarroako Gobernuko lau alderdiek lanean erakutsitako "zintzotasuna" goraipatu du, zailtasunak zailtasun. Gainera, "batera lan egiteko gaitasunik izango ez zutela" uste zuten arerioek, azaldu du Nafarroako presidenteak.
Lau alderdiak Gobernura iristeak eragingo zuen "apokalipsia" iragarri zutenei ere egin die aipamena. Barkosen aburuz, hori uste zutenek ahaztu egiten dute herritarrak kalean beste errealitate bat bizitzen ari direla. Pluraltasuna eta aniztasuna ardatz dituen aldaketa abian dela esan du, eta kudeaketa funtsezkoa dela.