Politika -
Katalunia
Torrent: 'Ez dugu onartuko presidentea nor izango den epaitegiek erabakitzea'
Bestalde, Espainiako Gobernuak Generalitateko Presidentetzarako hautagai "bideragarria" proposatzeko eskatu dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari.
Agentziak | Erredakzioa
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak igande honetan kritikatu duenez, erabaki judizialek ezin dute baldintzatu nor izan daitekeen Generalitateko presidentea: "Ez dugu onartuko presidentea nor izango den epaitegiek erabakitzea".
"Ez dugu onartuko Parlamentuko gehiengoak eta Kataluniako Generalitateko presidentea nor izango den epaitegiek edo epaileek erabakitzea, eta ez herritarrek", ohartarazi du Torrentek Bartzelonako Vic herrian, kontzertu batean.
Horrez gain, "erakundeekiko errespetua" izan dezaten eskatu die epaileei, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Jordi Sanchezi Generalitateko presidentetzarako JxCateko hautagai izateko baimena ukatu ostean.
Espainiako Gobernuak hautagai "bideragarria" eskatu dio Torrenti
Bestalde, Espainiako Gobernuak Generalitateko Presidentetzarako hautagai "bideragarria" proposatzeko eskatu dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari.
Espainiako Gobernuko iturriek azaldu dutenez, bai Torrenti bai buruzagi independentistei "katalanen bitzitza behingoz serio hartzeko" eskatu diete.
Espainiako Gobernuak hala erantzun du, Jordi Sanchezen defentsak azkenean Giza Eskubideen Europako Auzitegian astelehenean salaketarik aurkeztuko ez duela jakin ostean; inbestidura saiora joan ahal izateko eskubidearen defentsan jarri behar zuen. Auzitegi Gorenean aurkeztuko du helegitea.