Politika -
Katalunia
Ponsati kontseilari ohia Erresuma Batura bueltatu da Unibertsitatean lan egiteko
Ponsati berak eman du erabakiaren berri Twitter bidez. Irakasle gisa egiten zuen lanari berrekingo diola azaldu du mezu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Clara Ponsati Kataluniako Generalitateko Irakaskuntza kontseilari ohiak Erresuma Batura bidaia egin du Saint Andrewseko (Eskozia) Unibertsitatean irakasle gisa jarduteko. Kontseilari izan aurretik lan hori egiten zuen.
Ponsati berak eman du erabakiaren berri Twitter bidez: "Kataluniako erbestealdia Erresuma Batura iritsi da. Europako herritar gisa dudan askatasunaz gozatuz, aste honetan St Andrewseko Unibertsitatean hasiko naiz lanean berriz".
2017ko uztailean Kataluniako Irakaskuntza kontseilari izendatu zutenean, Clara Ponsati Saint Andrews Unibertsitateko Ekonomia eta Finantza Eskolako zuzendaria zen. Bartzelonako Unibertsitatean Ekonomia ikasteaz gain, Minnesotako Unibertsitatean ere (AEB) doktoratu zen.
Punt Avui egunkariak jakinarazi du gaur goizean Ponsatik bizilekuz aldatzeko asmoa zuela. Ondoren, Belgikan dauden hiru kontseilari ohiek eta Carles Puigdemont presidente ohiak Ponsati herrialdetik kanpo zegoela baieztatu duten arren, Ponsatik berak azaldu du non dagoen.
Clara Ponsati Irakaskuntza saileko kontseilari izendatu zuten 2017ko uztailaren 14ean. 2017ko urriaren 28ra arte egon zen kargu horretan, 155. artikuluaren ondorioz kargugabetu zuten arte.