Politika -

Biktimak eta memoria

Terrorismoaren biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionala hartuko du gaur Bilbok

EH Bildu ez da han izango, elkarretaratzeko leloarekin eta "berba tabuak" erabilita ezker abertzalea "umiliatu" nahi dutela ulertzeko duelako.

Biktimen oroimenez Gasteien egin zuten ekitaldia. Artxiboko argazkia: EFE
Biktimen oroimenez Gasteien egin zuten ekitaldia. Artxiboko argazkia: EFE
Biktimen oroimenez Gasteien egin zuten ekitaldia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren bezperan, Eusko Jaurlaritzak elkarretaratzea deitu du Bilbon, terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta haiei euskal gizartearen babesa helarazteko.

Bilkura Indautxu Plazan egingo dute, 10:30etatik 11:00etara, 'Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz' lelopean.

Amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpen instituzionala egingo du.

Elkarretaratzeak helburu bikoitza dauka: batetik, terrorismoaren biktimei aitortza egitea eta euskal gizartearen elkartasuna helaraztea, eta bestetik, biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzea.

EH Bildu ez da ekitaldian izango eta erabaki horrek hautsak harrotu ditu azken egunotan.

Koalizio soberanistak uste du ekimenaren goiburuarekin "kultura politiko jakin bat umiliatu" egin nahi dutela.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du ez dela "etika" kontu bat eta honek ez duela zerikusirik biktimekin, "hau arazo politiko bat da".

"Bizikidetza eraikitzeko eremu bat konfrontazio politikorako eremu bihurtu nahi dute eta horretarako berba, kontzeptu eta hausnarketa konkretu batzuk erabiltzen dituzte, bat egin ez dezagun", salatu du.

"Batzuen asmoa arerio politikoari eraso egitea da, kultura politiko bat eta pertsona jakin batzuk umiliatu nahi dituzte eta horretarako berba tabuak erabiltzen dituzte. Hitz horiek onartzen dituztenak bizikidetzaren aldekoak direla eta gainerakoak bizikidetzaren kontra daudela erakutsi nahi dute", kritikatu du.

Horrela bada, EH Bildu ez da Bilboko ekitaldian izango, bai ordea Nafarroan terrorismoaren biktimen omenez egingo duten bilkuran, "irakurketa inklusiboa egin dutelako".

Eusko Alkartasunak, berriz, ordezkaritza bat bidaliko du Bilboko elkarretaratzera.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak gogor kritikatu du EH Bildu, Jaularitzak antolatu duen ekitaldira joateari uko egiteagatik.

"EH Bilduko kide batzuek terrorismoa bidegabea izan zela ez konpartitzea deitoragarria da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Bilbo Iñigo Urkullu biografia EH Bildu Araba Gaurko azken ordukoa Bakea eta adiskidetzea Euskadin