Politika -
KATALUNIA
Presidentegaia proposatzeko bilera errondari eutsi egin dio Torrentek
Sanchezen balizko inbestidura ez dutela babestuko iragarri zuen atzo CUPek, eta erabaki horrek gehiengorik gabe utziko lituzke independentistak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eutsi egin dio datorren asterako alderdiekin deituta duen bilera errondari, Generalitateko presidentetzarako hautagai berria proposatzeko.
CUPek atzo iragarri zuen ez zuela bat egiten ERCk eta PDeCATek adostutako proiektu politikoarekin, eta, beraz, ez dutela Jordi Sanchezen balizko inbestidura babestuko.
Halere, eta CUPen iragarpenak independentisten negoziazioak berriro korapilatu dituen arren, Torrent alderdietako ordezkariekin bilduko da, oraingoz, mahai gainean dagoen izen bakarra espetxean dagoen Jordi Sanchez JxCateko kidearena izanda.
Carles Puigdemontek asteon iragarri zuen bere hautagaitza alde batera uztea erabaki zuela, Sanchezena proposatzeko. JxCatek eta ERCk ontzat eman zuten Puigdemonten erabakia, baina CUPen babesik ez dute lortu.
Gauzak horrela, CUPen abstentzioarekin, independentistek ez lukete gehiengo nahikoa izango Sanchez presidente izendatzeko.
Comunek ere garbi esan dute ez dutela JxCaten hautagairik babestuko. Izatekotan, ERCko presidentegai bat babestea aztertuko luketeela adierazi dute azken asteotan.
JxCatek eta ERCk gehiengoa lortzeko beste aukera, Belgikan dauden Puigdemontek eta Toni Cominek diputatu aktari uko egitea litzateke, bi horiek ezin baitute euren botoa delegatu, baina aukera hori erabat baztertu du gaur Josep Rull JxCateko diputatuak.