Politika -

Epaiketa

Ainhoa Alberdi, 'De Miguel' auzia argitara eman zuen abokatua, hasi da deklaratzen

Ustez legez kanpoko ordainketak egin zirela frogatzen duten grabazioak entzungo dira saioan. Alberdik bi egun emango omen ditu deklaratzen.

Alfredo de Miguelen artxiboko argazkia
Alfredo de Miguelen artxiboko argazkia
Alfredo de Miguelen artxiboko argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako EAJko hainbat buruzagi ohi akusatuen aulkian eseri dituen ustelkeria kasua argitara eman zuen Ainhoa Alberdi abokatua astelehen honetan hasi da deklaratzen. Ustez legez kanpoko ordainketak egin zirela frogatzen duten grabazioak entzungo dira saioan, Alberdik egindakoak.

Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak astelehena eta asteartea gorde ditu Alberdiren deklarazioa egiteko. Oso lekuko esanguratsua da Fiskaltzarentzat, Euskadin inoiz izan den ustezko ustelkeria kasurik handiena baita. 26 auzipetu daude, Arabako EAJko goi kargudun izandako zenbait pertsona tartean; Alfredo de Miguel Araban alderdiko bigarren izandakoa, besteak beste.

Abokatuaren testigantza garrantzitsua eta luzea izango dela aurreikusi dute. 2009an Fiskaltzaren aurrean salatu zuenez, 100.000 euroko legez kanpoko komisioa ordaintzera behartu nahi izan zuten, bere enpresari (Urbanorma Consulting SL) Miñaoko Teknologia Parkea handitzeko kontratu bat esleitu ziotelako.

Fiskaltzaren idatziaren arabera, orduan foru diputatua zen De Miguelek berak eskatu zion ordainketa hura. Alberdik, berriz, uko egin zionez, De Miguelek eta Aitor Telleriak abokatuaren aitari alaba presiona zezala eskatu zioten.

Grabazioak

Salaketa babesteko, grabazio bat aurkeztu zuen Ainhoa Alberdik. Audio horietan, zenbait auzipetu legez kanpoko ordainketei buruz hitz egiten ari dira. Auzitegiak iragarri duenez, asteleheneko saioan grabazioak entzungo dituzte.

Josu Izaguirre Arabako Probintzia Auzitegiko fiskal buruaren galderez gain, kasuko 26 auzipetuen abokatuen galderei erantzun beharko die Alberdik. Hori dela eta, testigantza luzea izatea aurreikusi dute.

Defentsako abokatuek grabazioak baliogabetzea eskatu dute, "manipulazio zantzuak" daudela argudiatuta. Jaime Tapia buru duen auzitegiaren esanetan, epaia ebazterakoan emango dute eskari horren inguruko erabakiaren berri.

Asteazken honetan, martxoaren 7an, abokatuaren aita deitu dute deklaratzera lekuko gisa. De Miguelek eta Telleriak alabari presioa egitea eskatu zioten.

Epaiketa urrian amaituko da, eta akusatuek ez dute bukaerara arte deklaratuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Epaiketak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken orduko albistea