Politika -

Katalunia

JxCaten eta ERCren akordioa baztertu du CUPek

Vidal Aragones CUPeko diputatuak esan duenez, 'proiektu politiko autonomista da arazoa, ez izenak edo pertsonak'. ERC eskaintza aldatzeko prest agertu da, akordioa lortzeko.

Eulalia Reguant, Mireia Boya, Vidal Aragonés eta Carles Riera. EFE
Eulalia Reguant, Mireia Boya, Vidal Aragonés eta Carles Riera. EFE
Eulalia Reguant, Mireia Boya, Vidal Aragonés eta Carles Riera. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPek baztertu egin du gaur JxCATen eta ERCren akordioa; beraz, Jordi Sanchez JxCateko diputatua Generalitateko presidente izateko inbestidura saiora aurkeztuz gero, CUPek Kataluniako Parlamentuan dituen lau diputatuak abstenitu egingo dira.

CUPen Kontseilu Politikoaren bileraren ostean Vidal Aragonesek hedabideei egindako adierazpenen arabera, "Espainiako legediari erabat men egitea eta gizarte politikarik ez egitea" dakar JxCaten eta ERCren prosamena onartzeak eta horregatik hartu dute baztertzeko erabakia.

Belgikan Carles Puigdemont buru izango duen egitura politiko bat sortzea aurreikusi du JxCaten eta ERCren proposamenak, Jordi Sànchez Generalitateko presidente izendatzeaz gain.

Bi alderdiek CUPi egindako proposamena "autonomismoan eta herriko gizarte-klasearen sufrimendua konpontzen ez duten neurrietan" oinarrituta dagoela kritikatu du Aragonesek. Gizarte-politikarik ez proposatzea ere leporatu die. "CUPetik zera diogu: ez 155, ez 135, ezta autonomismoa ere", ondorioztatu du. Horrez gain, ez dutela negoziatuko ziurtatu du, "Kataluniako errepublikaren alde lan egin beharrean autonomismoan eta estatu espainiarreko legezkotasuna mantentzean oinarritutako politikak proposatzen jarraituz gero".

Horrez gain, Sànchezen hautagaitzari dagokionez, "arazoa proiektu politiko autonomista" dela nabarmendu du, eta "ez izenak edo pertsonak".

"Eskaintza zuzentzeko" prest agertu da ERC, CUPekin akordioa adostu ahal izateko

Alfred Bosch ERCko Bartzelonako Udaleko bozeramaileak CUPek ERCren eta JxCaten proposamena baztertu duela jakin eta gero azaldu duenez, "ikusi egin beharko da zer eskatzen duen CUP alderdiak, eta horren arabera, eskaintza zuzendu beharko dugu guztiok ados jarri ahal izateko".

Generalitateko presidentearen inbestidurarako negozioazioaren inguruan hitz egin du gaur Boschek, Bartzelonako Gràcia auzoko Sant Medir auzoko jaietan parte hartu ostean. Oriol Junqueras askatzeko sinadura bilketa egin du ERCk.

Inbestidura

Norbait presidente izendatzeko gehiengo absolutua behar da lehen itzulian; bigarrenean, berriz, nahikoa da gehiengo arrunta lortuta.

CUPeko lau diputatuak Parlamentuan abstenituz gero, Sànchez ez lukete presidente izendatuko, JxCatek eta ERCk 66 diputatu dituzten arren, lauk ez dutelako botoa ziurtatuta -Oriol Junqueras eta Jordi Sànchez kartzelan daude; Carles Puigdemont eta Toni Comín Belgikan-. Horrenbestez, ez lituzkete oposizioaren 65 botoak lortuko.

Legegintzaldi honetako osoko bilkura guztietan Junquerasek eta Sànchezek botoa delegatu ahal izan dute orain arte. Puigdemontek eta Cominek, ordea, ez dute eskatu; izan ere, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak eta Parlamentuko abokatuen txosten batek baztertu egin zuten Belgikan dauden diputatuek botoa delegatzeko aukera edukitzea.

Hori dela eta, CUP abstenituz gero, Puigdemontek eta Cominek eserlekuari uko egin beharko liokete, Lluís Puig (JxCat), Clara Ponsatí (JxCat) eta Meritxell Serret (ERC) diputatu ohiek egin zuten moduan. Hala lortuko lukete oposizioa baino boto gehiago izan eta Sànchez presidente izendatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Albisteak Pere Aragonès CUP gaur